argia.eus
INPRIMATU
Artziniegako emakumeek bi eraso lesbofobo salatu dituzte
  • Izaera homofoboa izan duten bi gertakari jazo dira Artziniegako Jaietan asteburuan. Herriko emakumeek nabarmendu dute lehenengo aldia izan dela eta neurriak hartu dituztela.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2019ko irailaren 03a
Playback Lehiaketa baino lehen salatu zuten gertatutakoa. / Aiaraldea.eus

Artziniegako Jaietan parte hartzen duten hainbat emakumek salatu dute ospakizunetan bi eraso homofobo gertatu direla.

Lehenengoa ostiralean izan zen. Gazte batek emakume bat iraindu zuen eta berarekin talka egin zuen bere sexu orientazioagatik eta, antza, fisikoki erasotzeko saiakera ere egon zen.

Horren aurrean, emakume erasotuak txosnara jo zuen gertatutakoa jakinarazteko. Txosnan protokoloa abiatu eta azpiegitura itxi egin zuten gau osoan zehar.

Kuadrilla ezberdinetako emakumeek bilera egin zuten gaia lantzeko eta zenbait erabaki hartu zuten. "Lehenengo aldia da eraso bat gertatzen dela eta txosnako protokoloa besterik ez dago herrian", azaldu zioten atzo Aiaraldea hedabideari.

Alde batetik, erasotzailearekin hitz egin zuten. Bestetik, salaketa publikoa gauzatu zuten Playback Lehiaketa baino lehen. Horrez gain, txosnaren itxiera eta protokoloa babestu zituzten, pertsona batzuk ez baitzuten txosna ixtearen neurria ulertu.

Hala ere, salaketaren eta lehiaketaren ostean, komentario homofoboak errepikatu ziren bi DJren aurka. Edonola ere, DJek hartu zuten ardura erantzuteko eta arazorik gabe jarraitu zuten emanaldia.

Artziniegako Udalak erasoak salatu eta gaitzetsi ditu sare sozialen bitartez eta babesa eskaini die pertsona kaltetuei.