argia.eus
INPRIMATU
Artze omentzeko, musikari esperimentalak elkartuko dira Kafe Antzokian
  • Iazko urtarrilaren 12an hil zen Joxan Artze, euskal poesiaren XX. mendeko berritzaile nagusienetako bat izan zena. Heriotzaren lehen urteurrenarekin bat eginez, emanaldi berezia prestatu dute Bilboko Kafe Antzokian.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2019ko urtarrilaren 09a

Izar & Star zikloaren barruan antolatu duten emanaldiak musikari abangoardistak elkartuko ditu, Artzeren alderdi berritzaileenari gorazarre egiteko asmoz. Joseba Irazokik eta Beñat Achiaryren Bas(h)oan egitasmoak, Akauzaztek, Amorantek eta Ibon RGk bat egingo dute ostegun honetan, hilak 10, antolatu duten kontzertuan.

Robbie Basho gitarra-jotzaile eta abeslari estatubatuarraren musikak elkartu zituen Irazoki eta Achiary, 2017ko disko bitxienetako bat argitaratzeko. Geroztik, hainbat emanaldi egin dituzte Bas(h)oan diskoko folk eta blues esperimentala zabaltzeko.

Akauzazteren kasuan, sailkapen-lanak zailagoak dira: Azkoitiko taldea Euskal Herriko musika esperimentalaren zaleen artean kultuzko bihurtu da 1992an lehenbiziko maketa argitaratu zutenetik. Noise-rock eta musika industrialaren artean mugitzen dira, aldiro entzuleak harritzea lortu duen proposamenak taularatuz.

Amorante izenaren atzean berriz, Iban Urizar elgoibartarra dago, azken urteetan bakarkako proiektu honetan murgilduta dabilena: instrumentu ugarirekin igotzen da taula gainera (gitarra, ukelelea, harmoniuma, hainbat perkusio instrumentu…) eta iturri anitzetatik edaten duen proposamena eskaintzen die entzuleei.

Ibon RG-k berriz, Eten taldean egin du bere ibilbidearen parte handi bat, beste zenbait artistarekin egin dituen kolaborazioez gain (Mursego, Xabier Montoia). Bakarkako lehenbiziko diskoa argitaratzear da Sestaoko musikaria.

21:30ean hasiko da "Joxean Artze. Txoria Txori" izeneko emanaldia eta 10 euroan daude sarrerak salgai (txarteldegian 12 euroan). Lotura honetan eskura daitezke.