argia.eus
INPRIMATU
Artal
“Artzainei prezio justua ordainduz proiektu zirkularra sortu nahi izan dugu”
  • Adriana Ojer Ruiz eta Alain Flores Mendia dira Artal proiektuaren atzean dauden pertsonak. Artilezko Hodeiak bezala ezagutuko du zenbaitek egitasmoa, duela gutxi arte izen horrekin sinatzen baitzituzten artilez egindako haien produktu artisauak. Orain, berriz, eskulanean jauzi bat eman eta proiektuak beste dimentsio bat hartu duela ikusirik, ekimena berrizendatzea erabaki dute. “Artaldetik dator Artal izena, nolabait, gure filosofia ere hori delako: artalde batean bezala elkar zainduz eta erlazionatuz bizitzea”, dio Floresek. Zorokiainen dute tailerra.

Garazi Zabaleta 2022ko ekainaren 02a

Lakaben feltroa egiteko ikastaro batean piztu zitzaion artilea lantzen hasteko gogoa Ojerri. Gerora, gorua –ehunak iruteko tresna– eta kardaria eskuratu zituen, bi makina txiki. “Bretainian artilea lantzen zuen gizon baten tailerrean izan ginen ikasten, eta orduan pentsatu genuen hau Euskal Herrira ekarri beharra genuela, artilea arazo bilakatzen ari baitzen”. Bretainian ikasitakoarekin, 2015ean, haientzako yurta bat egin zuten artilea erabiliz, eta bestelako produktuak ere modu serioagoan ekoizteari ekin zioten: xaboiak, tapeteak, karterak, lanparak… hurbileko merkatuetan eta denda txikietan saltzen zituzten sortutakoak.

“Euskal Herrian ez dago jarduera honen inguruko informazio handiegirik, eta formakuntzarako asko jo dugu Frantzia aldera. Bestetik, Sarako Iletegia proiektukoek ere asko lagundu digute”, azaldu du eskulangileak. Nafarroako bost artzainei erosten diete artilea gaur egun, eta batik bat Nafarroako arrazarekin eta berrinchonarekin egiten dute lan, nahiz eta latxarekin ere zerbait ari diren. “Lantzeko zailagoa da latxaren artilea, baina pixkanaka ari gara produktuak sartzen”. Artzainei prezio justua ordaintzea oinarrizkoa da haientzat.

Barne-zoletatik yurtara

2.000 kilo artile inguru eraman dituzte aurten garbitzera Artaleko kideek. Prozesu osoa nola den azaltzeko eskatu diogu Floresi. “Artilea jaso, aukeraketa egin eta kanpora daramagu garbitoki batera. Ondoren, zati bat kardatzera eramaten dugu, manta handi modukoak egiteko, eta beste zati bat guk lantzen dugu tailerrean, kardari txiki batekin”, dio. Gaineratu duenez, garbilekura artile kantitate handiak eraman beharra dituzte, 500 kilo inguru baino gutxiago badira ez baitiete hartzen. “Hori eragozpena da proiektu txikientzat, eta inbertsio handiak egitera behartzen gaituzte”, dio.   

Eta, zer egiten dute behin artilea kardatuta? Mantak, gerrikoak, artilezko belakiekin estalitako xaboiak, manoplak, lanparak, etxeko zapatilak, barne-zolak… “Horretaz aparte, ideia berrietara oso irekiak gaude eta esperimentatzea gustatzen zaigu”, dio. Datorren urtera begira, esaterako, poltsak eta jakak ari dira lantzen. Baina artilea beste jarduera berezi baterako ere badarabilte Artalen: bizitokiak eraikitzeko. “Gurea egiten ikasi genuen, eta orain yurten eraikuntza ere eskaintzen dugu. Artilea isolatzaile moduan erabiltzen da, horretarako oso ezaugarri aproposak dituelako, transpiratzeaz gain hezetasuna ere erregulatzen baitu”.

 

 

 

Alain Flores artilea lantzen. Argazkia: @Arantxa.