argia.eus
INPRIMATU
Artxibatu egin dute ETArekin lotura izateagatik Baigorrin atxilotutako bi lagunen auzia
  • ETArekin bake prozesuaz hitz egitea ez dela delitua argudiatuz, kasua artxibatu du Parisko epaile batek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 25

Bake prozesuaren testuinguruan atxilotu zituzten Pantxo Flores eta Ramuntxo Sagarzazu, Baigorrin, ETArekin bilduta zirenean Gendarmeek haien kontrako operazioa egin zutenean, 2015eko irailean. David Pla eta Iratxe Sorzabal ere bertan ziren. Lehen aldia da kargugabetze bat arrazoitzeko epaile eta prokuradore bat bake prozesuaren bueltan oinarritu direna. Parisko instrukzioko epaileak artxibatu egin du kasua, bake prozesuaz hitz egitea ez dela delitua argudiatuz.  

Erakundeko zuzendaritzako kidetzat jo zituzten Pla eta Sorzabal, eta harrezkero preso daude biak. Datorren otsailaren 4an eta 5ean epaituko dituzte, Parisko zigor auzitegian. Flores eta Sagarzazuren abokatuek defendatu dute bake prozesuaz hitz egiteko bilduta zeudela, eta ez zekitela Pla eta Sorzabal etakideak zirenik.