argia.eus
INPRIMATU
Artxibatu egin dute AraInfo-ko bi kazetariren eta Zaragozako zinegotzi baten aurkako kereila
  • "Kereilatuei –Chorche Tricas eta Iker González kazetariak– egotzi eta iraingarritzat jotzen zaizkien artikuluak "adierazpen- eta informazio-askatasunaren barruan daude", eta Zaragoza en Común-eko zinegotzi Suso Domínguezen kasuan "kritika politikoaren barnean" dago, Zaragozako Instrukzioko 4. zenbakiko epaitegiak ebatzi duenez.

Axier Lopez @axierL 2024ko uztailaren 24a
Chorche Tricas eta Iker González AraInfo-ko kazetariak, José Manuel Marraco eta César Fernández abokatuekin batera, Zaragozako epaitegietan | Argazkia: Dora Díaz (AraInfo)

Zaragozako Instrukzioko 4 zenbakiko epaitegiak agindu du Inversiones Empresariales Ebro (IEE) enpresak aurkeztutako kereila behin-behinean artxibatzea. Arainfo komunikabidearen, haren bi kazetariren –Chorche Tricas eta Iker González– eta Zaragoza en Común-eko (ZeC) Suso Domínguez zinegotziaren aurka hainbat delitu egotzi zizkien IEEk, tartean "irainak", "kalumniak publizitatearekin" eta "sekretuak ezagutaraztea". Autoak ondorioztatu du ez dela inola ere egiaztatzen kereilatuek arau-hauste penalik egin dutenik.

"Kereilatuei egozten zaizkien eta iraingarritzat edo kalumniazkotzat jotzen diren adierazpenak adierazpen- eta informazio- askatasunak babesten ditu", eta ZeC-ko zinegotziaren kasuan, "kritika politikoarenak", dio autoak. "Agian hartzaileen gustukoak ez dira izango, enpresaren aldeko tratua iradokitzen badute ere, baina adierazpen horiek ezin dira inola ere delitu izan. Are gehiago, horietako gehienak kazetaritzako profesionalek adierazi dituztelarik. Antza denez, Zaragozako Udalak emandako diru publiko baten erabilera zalantzan jartzean, udalaren jardunaren 'kritika' zen haien asmo bakarra", gaineratu du autoak.

Zentzu horretan, autoaren arabera, "Inversiones Empresariales Ebro S.A. enpresa kereilatzailearen jabe eta arduradunentzat gogaikarriak izan daitezke adierazpen horiek, zeinetan PPko buruzagiekin harreman ona izateagatik laguntza publikoak lortu dituztela iradoki dute. Halere, adierazpen horiek Zigor Kodearen 205-ss artikuluetan araututako delituekin ez dute bat egiten". "Udaleko agintarien jokabidea aurpegiratzea beste asmorik ez dago, eta zeharka enpresaren jarduna gaitzestea, baina Konstituzioak aitortutako adierazpen-askatasunerako eskubidea ez dute gainditu", dio magistratuaren autoak.

"Gaineratu behar dugu –jarraitzen du autoak–, ezin dela alde batera utzi, hizpide dugun kasua bezalakoetan, komunikabideek, informazioa eta kritikaren bitartez, estatuko botereei egin diezaieketen kontrapisua eta kontrola gure demokraziaren jokoaren barruan daudela. Kasu horiek adierazpen- eta informazio-askatasunak babesten ditu, eta ez soilik kritika kaltegabe edo axolagabeak, 'baita kezka edo atsekabea sor dezaketen beste batzuk ere".

AraInfo mozalik gabe

Inversiones Empresariales Ebroren kereila aurtengo urtarrilean iritsi zen, AraInfok 2023ko azaroan "Zaragozako Udalak (PP) 70.000 euroko diru-laguntza eman zion gaur egun itxita dagoen polo-frankizia bati" eta "Chuecaren lagunentzako beste 65.000 euroko diru-laguntza" albisteetan argitaratutako informazioen ondorioz. Hiru ikertuek, Iker González, Chorche Tricas eta Suso Domínguezek, informaziorako eskubidea eta adierazpen askatasuna defendatu dituzte, Zaragozako Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak astelehenean jakitera eman duen autoan egiaztatuta geratu den bezala.

Salaketa horren aurrean, AraInfo-k martxoan #AraInfoSinMordazas kanpaina abiarazi zuen. Informazio-askatasunaren aldeko kanpaina izan zen eta prozesu judizialaren gastuei aurre egiteko dirua biltzeko asmoa zuen. Kanpaina horretan, azken urteotan Espainiako Estatuan izan diren kazetarien eta hedabideen aurkako kereilak nabarmendu zituzten. Ehunka pertsona eta kolektibo sozial, sindikal eta politiko batu ziren ekimenera, baita hogei bat komunikabide ere.