argia.eus
INPRIMATU
Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila
  • 2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen udaltzainaren aurka.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 19a
Ahotsa.info-k adierazi du bideoagatik ez balitz, poliziaren bertsioan oinarritutako zigorra ordaindu beharko zukeen kazetariak. (Argazkia: Ahotsa.info)

Ahotsa.info-k kereila kriminala aurkeztu zuen 2022ko azaroan, Iruñeko udaltzain batek hedabideko kazetari bati salaketa faltsua egin ziolako. Nafarroako Probintzia Auzitegiak artxibatu egin du kereila.

2021eko ekainean du abiapuntua gatazkak. Ahotsako kazetari batek protesta batean udaltzainak izandako esku-hartzea grabatu zuen. Orduan, agenteak kazetaria salatu zuen Mozal Legea erabilita, poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik. Udalak espedientea ireki zion kamerari, eta 600 euroko isuna ezarri zion. Espedienteak ziurtatzen zuen, besteak beste, kazetariak adin txikikoak erabili zituela ekintzan, mozorrotuta zihoala eta indarkeria erabili zuela. Gainera, udaltzainak leporatu zion "Espainiako legeekin ipurdia garbitzen dut" esan izana.

Kazetariak alegatu egin zuen, eta grabatutako bideoa bidali zion udalari. Bertan ikusten denez udaltzainaren akusazioak faltsuak direla, haren kontrako neurriak hartzeko eskatu zuen.

Udalak kazetariaren kontrako zigorra artxibatu egin zuen. Agentearen aurkako espedienterik ez zuen ireki, ordea. Orduan jarri zuen Ahotsak kereila auzitegian, udaltzainari agiriak faltsutzea leporatuta kazetariaren aurkako salaketak larriagotzeko asmoz.

Udaltzainak epaitegian deklaratu zuen eta epaileak kasua artxibatu zuen. Berriz ere errekurritu zuten, eta oraingoan Nafarroako Probintzia Auzitegiak berretsi egin du artxibatzea.

Ahotsa.info-ren adierazpenak

"Agente batek dokumentu ofizial batean adierazpen faltsuak egiteak ez du ondoriorik izan, ez baitu zigorrik jaso. Hori bai, auzitegiak argi utzi zuen kazetariaren aurkako zigorra gauzatu ez bazen, salaketa artxibatu egin zelako izan zela, hain zuzen ere, agentearen kontakizuna desmuntatzen zuten irudiak zeudelako. Ahotsa.info-ko kamerak bideoa grabatu izan ez balu, inolako zalantzarik gabe, Poliziaren bertsioan oinarritutako zigorra ordaindu beharko zukeen kazetariak", salatu du Ahotsak kereilaren artxibatzearen harira.