argia.eus
INPRIMATU
Artur Masek diputatu aktari uko egin dio
  • Komunikatu baten bitartez jakinarazi du Masek ez dela Parlamentuko diputatu izango. Aktari uko eginda forudun izateari utziko dio, eta ikusteko dago nola eragingo duen horrek azaroaren 9ko kontsultagatik Irene Rigau, Joana Ortega eta beraren aurka abiatutako prozesu judizialean.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 14a
1995tik izan da Mas diputatu. Orain, Convergencia Democratica de Catalunyarentzat (CDC) arituko dela lanean jakinarazi du.

CUPekin akordioa lotzeko Masek presidente izateari uko egin ostean, eguaztenean, Kataluniako parlamentuan lortutako diputatu aktari ere uko egin diola jakinarazi zuen. 1995tik izan da Mas diputatu. Orain, Convergencia Democratica de Catalunyarentzat (CDC) arituko dela lanean jakinarazi du. Udaberri partean kongresua egingo dute alderdia eraberritzeko. CDCk behera egin zuen Espainiako azken hauteskunde orokorretan.

Agur hitzaldi laburra egin zuen Masek Carles Puidgemonten presidente kargua hartzeko ekitaldian. Presidente berriari “itsasoratze ona eta ataka gainditzea” opatu zion. Presidente bezala egindako bost urteak gogora ekarri, eta eskerrak eman zizkien “beragan konfiantza izan eta Katalunia eraikitzen lagundu dioten guztiei”. Kataluniako presidente bezala egindakoagatik “kontzientzia lasai” duela adierazi zuen. “Sant Jaume plazara bokazio zintzoz heldu nintzen Kataluniaren zerbitzura lan egiteko. Horrela aritu izan naizen uste osoarekin noa”, gaineratu zuen.