argia.eus
INPRIMATU
Artur Masek elkarrizketarako gonbitea egin dio Rajoyri The Guardian egunkarian
  • The Guardian egunkari britainiarrak Artur Mas Kataluniako jarduneko presidentearen artikulua publikatu du astelehen honetan. CDCko buruak independentzia prozesuaren errepasoa egin du, Espainiako agintarien jarrera kritikatzearekin batera.

ARGIA @argia 2015eko urriaren 05a
The Guardian egunkarian elkarrizketarako deia egin dio Masek Rajoyri beste behin ere.

“Kataluniako herritarrek hitz egin dute. Entzungo al du Espainiako gobernuak?” izenburua duen artikuluan Masek gogora ekarri du irailaren 27ko hauteskundeak izan direla kataluniarrentzat aukera bakarra euren etorkizun politikoari buruz bozkatzeko. “Lau urtetako mobilizazio masiboen gailurra” izan da plebiszitua, artikuluan dioenez.

Egoera honetara nola iritsi diren sakon azaldu ostean –XI. mendetik hasi eta 1970eko hamarkadako trantsizioari garrantzia eman die artikuluan–, zenbait datu ekonomiko jarri ditu mahai gainean buruzagi convergenteak: “Kataluniak Espainiako populazioaren %16 dauka. Guk ekoizten dugu Espainiako produkzio ekonomikoaren %20, baita oinarri industrial sofistikatua daukaten esportazioen %25 ere (…) eta hala ere, Espainiako Gobernuaren inbertsioen %10 baino ez dugu jasotzen”.

Elkarrizketarako gonbitea

Artikuluaren amaieran, Masek dio “lehen Espainiaren barne-arazoa zena” orain nazioarteko eskala hartu duen afera bihurtu dela, eta hala ere Moncloak uko egiten diola hitz egiteari: “Rajoy presidentearekin egin nuen azken bilera duela 14 hilabete izan zen. Behin eta berriz eskatu dugu elkarrizketa. Gure eskuak zabalik daude, baina Madrilen ukabila ez da inoiz lasaitu”.

Irailaren 27ko emaitzek independentistei emandako garaipena Espainiarekin eta Europarekin onez onean administratzeko borondatea adierazi du Masek bukatzeko. “Espainia orain prest al dago Kataluniako herriaren erabaki demokratikoa onartzeko? Ala bere intransigentziarekin jarraituko du?”.