argia.eus
INPRIMATU
Artur Mas, Convergència berrituaren lema hartzeko prest
  • Kataluniako presidente ohiak asteazkenean aurkeztu zuen bere zuzendaritza proposamena. Asteburuan egingo dute birfundazio prozesuko lehen kongresua.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 08a
Convergènciako militanteek asteburu honetan hautatuko dute alderdi berrituaren organigrama eredua. (Argazkia: Info Libre)

Birfundazio prozesuan urratsak eman ahala, historiara igarotzetik gertuago dago orain arteko Convergència Democrática de Catalunya. Alabaina, CDC berrituak ez du hasiera batean zirudien adinako itxura aldaketarik izango, Arturo Puente kazetariaren arabera.

Artur Mas alderdiko presidenteak asteazkenean aurkeztu zuen bere zuzendaritza proposamena, asteburuko kongresuari begira. Bi laguneko buruzagitzaren ideia plazaratu du; presidentea eta presidenteordeak beteko lituzkete postu horiek.

Proposamenaren arabera, Masek jarraituko luke presidentetzan. Diotenez, Neus Munté Generalitateko presidentetza kontseilaria eta gobernuaren eleduna izan daiteke presidenteordea. Hala, idazkari orokorraren figura ezabatuko litzateke. Zuzendaritzaren organigrama eredua asteburuan hautatuko dute militanteek; zuzendaritza nortzuk osatuko duten, uztailaren 23 eta 24ean.

Lehia baretu asmoz

Puenteren esanetan, Masen jokaldiak barne gatazkak baretzeko asmoa luke, korronte ezberdinak alderdiaren jabe egitea ekiditeko. Gauzak horrela, lehia exekutiba berrian postuak lortzera mugatuko litzateke. Proposamenak exekutiba hamabi lagunera murriztea aurreikusten du. Hala, azken asteetan indarra hartzen ari den Germá Gordóren korronteari –alderdiko eskuindarrena– asko zailduko zaio boterea eskuratzea.

Masen planak aurrera egiteko aukera handiak ditu, sektore guztiek bere lidergoa aintzat hartzen dutenez gero. Alabaina, proposamen horrek zirrikitu bat izan dezake. Zenbait sektorek gobernuko eta alderdiko karguak aldi berean mantentzearen aurka egin dute, eta militantziak horren alde eginez gero, Munté Generalitateko kargudun izateak bere plana oztopatu dezake.