argia.eus
INPRIMATU
Artisten lanbidea “duintzeko” konpromisoa adierazi du Jaurlaritzak
  • Gobernu berriak sorkuntza indartzeko asmoa adierazi du, "batez ere emakumeena eta euskaraz eginikoa". Sailburu berriak esan du aurreko gobernuak onartutako Plan Estrategikoa izango dutela ardatz, baina dokumentu horrek "euskarazko eskaintza handitzea" aipatzen du, sortzaileak aipatu gabe.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko irailaren 17a
Kultura Batzordea Eusko Legebiltzarrean.

Aste honetan, egunero-egunero, Eusko Jaurlaritzako sailburuak legealdi honetako (2024-2028) haien sailetako zereginak, asmoak eta konpromisoak azaltzen ari dira Eusko Legebiltzarrean. Gisa horretako lehen agerraldia egin du Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburu berri Ibone Bengoetxeak. Bilbon jaioa da Bengoetxea, 1967an, psikologian graduatua Deustuko Unibertsitatean, 2003an ekin zion ibilbide politikoari Bilboko Udalean; EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko buru izandakoa, hainbat urtez eduki ditu kultur arloko ardura politikoak, eta besteak beste, 2021etik sailburu izendatu arte, EiTBko zuzendari gerentea izan da.

Euskarazko sorkuntza prekarioa dela dioten ahotsak gero eta gehiago dira, bereziki, azken urteotan, euskarazko kultur sorkuntzan aritzen diren asko eta asko Euskararen Langile Profesionalen elkartea den Lanartean batu direlako. Hemerotekari erreparatu; Legebiltzarreko Kultura batzordean agerraldia egin zuen Lanarteak, duela urte eta erdi, zera aldarrikatzeko: erakusleihoak ixteko eta etxe barruko arazoei erreparatzeko, kultur politikek sormenetik eta euskaraz eraikitzeko "neurri zehatzak" behar dituztela argudiatuta.

Badirudi Jaurlaritza berriak aldarri horiei kasu egingo diela; horretarako konpromisoa adierazi du, bederen. Izan ere, Bengoetxea sailburuak Legebiltzarrean esan du "artista eta sortzaileen lan-baldintzak bermatzeko eta hobetzeko proiektu berri eta berritzaile bat" onartu nahi duela Jaurlaritzak, eta, era berean, "euskal sortzaileen mugikortasuna babestu" ere egin nahiko luketela, nazioarteko jaialdi, azoka eta foroetan presentzia areagotuta. Hasi berrientzat ere mezua: "talentua" sustatzeko ideia.

Helburua, berez, Jaurlaritzarentzat, ez da berria; izan ere, joan den legealdian ere kultur profesionalen inguruko estatutu bat eratzeko asmoa adierazi zuen Bingen Zupiriak zuzentzen zuen sailak –testuinguru horretan zetorren Lanartearen Legebiltzarreko agerraldia–, baina azkenean ez zen gauzatu.

Euskarazko sortzaileekin, zer?

Bengoetxeak bere sailaren konpromiso hau nabarmendu du: "Sorkuntza eta ekoizpena sustatzea eta erraztea, batez ere emakumeena eta euskaraz egindakoak". Horri gaineratu dio herritarren pertzepzioetan eragin nahi duela, eta gizartea "Euskadin sortutako kulturaz harro egotea" nahiko lukeela. Eta, marko guztia, 2028ko Kultura Plan Estrategikoak ezarriko duela; artikulu honetan nabarmendu moduan, plan horren arabera, euskara ez da "ardatza" Jaurlaritzaren kultur politikan, "zeharkakoa" baizik.

Plan Estrategikoaren 53. orriak honela dio:

“Euskaldunen herrian euskarari arreta berezia zor zaio, bai sorkuntzan edo ekoizpenean, bai eskaintzan, bai memoriaren transmisioan. Euskadin kultura ezin da euskal kulturarik gabe ulertu, ezta euskal kultura testuinguru kultural guztia kontuan hartu gabe ere. Eusko Jaurlaritzaren kultura politiken muinean dago euskaraz sortzeko, kultura euskaraz bizitzeko eta euskaraz gogoratzeko aukerak bermatzea. Lan ildo guztietan sustatzen dira bereziki euskarazko kultura edukiak eta zerbitzuak” .

Plan horren hiru ardatzak sorkuntza, eskaintza eta transmisioa dira –Zupiriaren agintaldian eginikoa da txostena; Bengoetxeak, orain, laugarrena gehitu dio: digitalizazioa–. Euskarazko edukiak bigarren ardatz horretan sartu zituzten Plan Estrategikoan, eskaintza-ri dagokionean: "Kultura merkaturatzea eta plazaratzea uztartu egin behar da herritarrei noranahiko eta askotariko kultura eskaintza egiteko ardurarekin”.

Alegia, iradoki nahi dena da euskarazko edukia eskainiko dela eskaintza “askotarikoa” izan dadin. Beraz, uler daitekeenez, atzekoz aurrera dator prozesua, eskaini nahi delako sortuko baita. Sortzaileen ardatzean, lehen ardatzean, aipamenik ez euskaraz lan egiten duten sortzaileei; orain, Jaurlaritza berriak, badirudi zertxobait aldatu duela diskurtsoa: sorkuntzari lotu dio euskara, eta ez eskaintzari.