argia.eus
INPRIMATU
Artista oholtzatik at dagoenean

Uxue Gutierrez Lorenzo 2023ko irailaren 22a
Argazkia: Getxo Folk Jaialdia

HAUsPOZ

Kepa Junkeraren omenezko kontzertua, Getxo Folk jaialdian.

Noiz: Irailaren 13an.

Non: Muxikebarri aretoan. (Algorta).

-----------------------------------------------------------------------------

Iluntzeko 19:40 dira Algortako Muxikebarri zentroko lehiatilan. Sarrera eskuratzera hurbildu naiz eta aurrean dudan emakumeak bere sarrera nola eskatzen duen entzun dut: “Lau sarrera Kepa Junkeraren izenean”. Jarraian, nor den adierazi dio beirazko lehiatilaz bestaldera dagoen langileari: Maria Junkera; hain zuzen, Keparen arreba. Orduantxe pentsatu dut lehenbizikoz ikustear nintzen emanaldiaren kontraesana: artista, gau horretako protagonista, ez da oholtza gainean egongo. Keparen senitartekoak, eta akaso Kepa bera ere, publiko artean gordeta egongo dira emanaldiak iraun bitartean.

Kepa Junkera, non egongo da? Nola egongo da?, pentsatu dut. Muxikebarriko ateak gurutzatu eta berehala heldu zait erantzuna. Irudia gazi-gozoa iruditu zait, kontrastea izugarria da. Oihal beltz baten eskegita daude Kepa Junkerak Getxo Folk jaialdian egin dituen sei kontzertuen irudiak. Energiaz blai, trikitia eskuetan hartuta eta irribarrea ahoan. Mosaikoaren aurrean, ordea, egungo Kepa Junkera dago. 2018an izandako iktusaren ondorioz gurpildun aulkian eta musukoa jantzita dago musikaria. Gaurkoan, beste baten esku, ahots eta gorputzetan biziko dugu ikus entzuleok Kepa Junkeraren musika. Baita artistak berak ere.

HAUsPOZ emanaldiak Kepa Junkera musikariaren figura goratzea du helburu; hau da, musikaria omentzea. Nire eserlekua aurkitu berritan pentsatu dut: zein da, helburua argi izanda ere, omenaldi kontzertu bat sortzeko modu egokia?

Teloia gora, hasi da HAUsPOZ. Hango eta hemengo artistak tartekatu dira ordu eta erdi iraun duen emanaldian. Hortxe nire galderari erantzuna: artista bat ez da omentzen berak sortutako pieza esanguratsuen hautaketa baten segida eginez. Artista bat omentzen da esentziara jota, egindako ekarpenaren norabidea ulertuta. Tradizioa, modernitatea, sustraiak eta aliantzak batu dira oholtzan: Ibon Koteron albokaria, Oreka TX txalapartariak, Agurtzane eta Ion Elustondo, Uxia abeslari galiziarra, Pandereteras del Barrio kantabriarrak, Kukai taldeko dantzariak… Apurka, emanaldiaren intentsitatea areagotzen joan da; eta, bukaera aldera indarra biderkatu da, nabarmen.

21:20. Emanaldia bukatzeko hamar minutu falta dira. Nola bukatzen da Kepa Junkeraren omenezko kontzertu bat? Belarrietatik heldu zait erantzuna: Bok-Spok. Eta ez dakit Kepa Junkera inoiz entzungo ote dugun berriz Bok-Spok jotzen, baina denok ikusten dugu Kepa Junkera Bok-Spok entzuten dugun bakoitzean. Eta orduan bai: oholtzan azaldu da Kepa Junkera. Publikoak harrera beroa egin dio, txalo artean. Keparen musikak hartu du oholtza, eta azkenerako Kepa ere izan da oholtza gainean.