argia.eus
INPRIMATU
Artista eta obra

Jon Otermin Benito @jonmaya10 2020ko abenduaren 14a

“Barkatu gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegunez gero” dio Kristautasuneko otoitz garrantzitsuenak. Egun batzuk igaro dira Diego Maradona zendu zenetik, historian zehar egondako futbol jokalaririk onena, aditu ugariren ustez. Argentinarraren heriotzak, ustekabean hartu ez bagintuen ere, mundu mailako seismoa eragin zuen, zelaian zein zelaitik kanpo egindakoengatik.

Sentipen irrazionalez zopaturiko mundu honetan, jazoerak gizakion jitea azaleratu zuen: ohoratzeko idolo bat besterik ez dugu behar. Gure ezinezko ametsak egi bihurtu dituen norbait gurtzeak gabezi horiek asetzen ditu, hein batean. Polemika Maradonaren irudiari datxekion zama da, beste kirolari eta sona handiko pertsonaien kasuan bezalaxe. Beraz, artista eta obra banatzearen inguruko eztabaida berpiztu zuen Diegoren agurrak.

"Artista eta obra banatzearen inguruko eztabaida berpiztu zuen Diego Armando Maradonaren agurrak"

Antza denez, bekatuak edonori barkatuko genizkioke gure astialdia atsegin bihurtzearen truke. “Hori bai bidesari merkea”, esanen dute gehiegikeriak gertutik jasan dituztenek, eta arrazoirik ez zaie faltako. Talentua hutsegiteen gainetik ezarri ohi da, miresleei bost axola baitie pertsona aurkeztezin bat goraipatzeak, ez dutelako bertatik ezagutuko ezta euren neurrigabekeriak sufrituko. Nahiz eta 1997ean erretiroa hartu, futboletik at utzitakoen inguruko ika-mikak oraindik badirau, eta luze joko du. Gainera, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko egunean hiltzeak gogora ekarri zituen Maradonak bere emazteekin izandako pasarteak: salaketak, dibortzio istilutsuak, indarkeria fisikoa, eta abar. Ironikoa oso.

Gutxi izan dira deus egin gabe horren jendetza mugiarazteko karisma edukitakoak. Azkeneko ospitaleratzearen irudiak ikustea besterik ez dago; argentinarrek kaleak hartu zituzten, euren jainkoaren argia itzaltzear zegoela sumatuz. Guzti hori futbolari hutsa izandako batengatik. Tamalez, Maradonaren irudia nahiko jainkotua ez bazegoen, 60 urterekin bihotzekoak emateak aura hori goratuko du.

Mike Tyson, Roman Polański, Michael Jackson, John Lennon… sarritan arrakastaren prezioa jasangaitza izaten da izarren bizitzetan, etengabeko argi-ilunak sortuz. Oso agerikoa da jarrera labaingarri batek ezin duela mitoaren ondarea ezkutatu, baina denborak bere epaia eman eta Diego Armando Maradona futbolari apartatzat utziko du, besterik ez. Ez da sekula ezeren eredu izanen.