argia.eus
INPRIMATU
Lezaetako ogia
Artisau ogiak ez du presarik
  • Lezaeta herrira jo zuten Arrasateko Itziar Egidazuk eta bere bikoteak baserri bila, bertan okindegia jartzeko. Irin ekologikoz eta ore amaz egiten du ogia eta prozesu naturala azaldu digu, baita egun nagusi den okintza ereduarekin dagoen aldea ere.

Garazi Zabaleta 2020ko uztailaren 02a

Arrasaten bizi ziren Itziar Egidazu Ugalde eta bere bikotekidea, baina hango kale giroan erabat gustura ez, eta lekuz aldatzea erabaki zuten: “Nik etxean ogiak egiten nituen eta asko gustatzen zitzaidanez, baserri batera mugitu eta horretan saiakera egin genezakeela pentsatu genuen”. Ezkio-Itsasoko Hariztizabal baserrian hiru hilabete egin zituzten proba moduan 2015ean: “Esperientziak balio izan zigun benetan horrelako proiektu batean sartu nahi ote genuen ikusteko eta benetan zer sakrifizio suposatzen duen ezagutzeko”. Baietz erabaki zuten: proiektua abian jarri nahi zutela. Baserri bila hasi ziren bertan bizilekua eta okindegia egiteko.

Araizko herritxo batean lur-hartzea

Nafarroan toki gehiagotan ere etxe bila ibili ondoren, Lezaetakoarekin egin zuten topo azkenean. “Behean, ukuiluan, okindegia egiteko aukera zegoen, eta bizitzera sartzeko moduan zegoen etxea”, azaldu du Egidazuk. 2016an etxea erosi eta han bizi dira geroztik. Okindegia, berriz, 2017an jarri zuten martxan. Ezezaguna zitzaien eskualdea hasieran, baina urte hauetan beren txokoa egin dute bailaran eta elikadura burujabetzaren aldeko eta bertako ondarea berreskuratzeko hainbat ekimenetan parte hartzen dute: Araizko Zaporeak ekimenean edota Malloetako belar kable sistemaren berreskuratzean, esaterako.

Ogia egiteko tailerrak ere egin izan dituzte baserrian, bai helduekin eta baita haurrekin ere. “Helduekin egun osoko tailerrak egiten ditugu urtean behin, eta umeekin berriz legami fresko ekologikoarekin ogiak egiten ikasi genuen: prozesua azkarrago doa eta goiz batean egiteko aukera ematen du”.

Ore amaz eta irin ekologikoz egindako ogiak

Ogiak egiteko irina Kataluniako irindegi bati hartzen dio: “Hasieran errota jartzea planteatu genuen, baina bakarrik egiten dut lan, eta Aratzen laguntza edukita ere lan handia eskatzen zuen”. Momentuz, beraz, erositako irinarekin ari da: hori bai, irin ekologikoak eta harrizko errotan ehoak darabiltza, eta ogiak ore amaz egiten ditu. “Gure irina %100 gari aletik ateratakoa da, ez da okindegi arruntetakoa bezalakoa: horietan irinek gehigarriak dituzte, eta ogia egiteko legami kimikoak erabiltzen dituzte gainera”.

Okintza artisauan ekoizpen prozesua luzeagoa dela azaldu digu Egidazuk: ore amak fermentazio prozesu naturala eta luzea behar du, eta horrela ogi digestiboagoa lortzen da. Okintza arruntean prozesua elementu kimikoen bidez azkartu egiten dute. “Nolabait, bizi estilo azkarretara egokitua dago dena ekoizpen arruntean”.

Saltzeko, hasieran inguruko herrietako azoketan ibili zen Lezaetako okina, proiektua eta produktuak ezagutzera emateko batez ere. Orain, geroz eta bezero finko gehiago dituela, eskualdeko dendetan saltzen du gehienbat.