Elikadura burujabetzaz eta agroekologiaz hitz egitean lurra eta landareak datozkigu burura gehienetan, baina, zer ari da gertatzen arrantzarekin? Ondarroa 12 Milia elkarteak urteak daramatza itsas kontserbazioaren eta artisau arrantzaren alde lanean, formazioak eta ekimenak antolatzen. Orain, Bizilur Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Erakundearekin elkarlanean, beste proiektu bat jarri du martxan: Itsasoiko. Gure kostaldeko portuetan eguneko artisau arrantza desagertzeko arriskuan dagoela ikusita, zerbait egitea erabaki dute.
“Artisau arrantzaleak egunero ateratzen dira itsasora, eta arte txikiez baliatuz harrapatutako gertuko arraina dakarte portura”, azaldu du proiektuko kide den Eneko Batxillerrek. Gehienek autonomoki egiten dute lan, haien ontzien jabe dira eta bakarrik edo bizpahiru lagunekin aritzen dira. Azken urteotan, baina, nabarmen egin du behera eskala txikiko arrantza eredu horrek, eta zenbait portutan desagertzera ere iritsi da, arrantzaleak eta horien atzean zeuden ogibide asko galduz. “Arrazoiak arrazoi, kontua da ondare kultural handi bat ari garela galtzen”, gehitu du kideak.
Elikadura burujabetza pixkanaka eta pauso txikiz bada ere bere tokia irabazten ari den garaiotan, geroz eta arreta handiagoa jartzen dute kontsumitzaileek lurreko produktuak non eta nola ekoitzi diren jakiteko. Itsasotik datozenen kasuan, ordea, ez da gauza bera gertatzen: “Baserriko produktuak ongi identifikatzen ditugu eta kontsumo taldeak lan handia ari dira egiten. Bada, arrantzaren inguruan ez dago ia ezer". Hutsune hori betetzeko helburuarekin abiatu dute Itsasoiko proiektua; bertako eta sasoiko arrainaren kontsumoa ere elikadura burujabetzaren estrategian txertatzeko asmoz.
Hiru ardatz nagusiren baitan ari dira lanean proiektuko kideak. Lehen helburua bertako eta sasoiko arrainaren eta honen arrantzaren inguruan sentsibilizazio materialak sortzea da. “Denok dakigu legatza zer den, baina badira beste espezie asko ez hain ezagunak eta gure portuetan asko sartzen direnak”. Horregatik, sasoiko espezieen gida eta dokumentala eginen dituzte, egoeraren inguruan kezka zabaltzeko eta alternatibak aktibatzeko. Bigarren ardatza kostaldeko herrietan ekimenak egitea da; Mutrikun, esaterako, eguneko artisau arrantza identifikatzeko zigilu bat jarri dute martxan. Ekimen horiek bultzatzeko ezinbestekoa da tokiko instituzioen laguntza, eta horixe bera da hirugarren ardatza: hurbileko instituzioekin lanketa amankomuna bultzatzea.
Eztabaida mahai gainean jartzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko asmoz sortu da Itsasoiko. Norvegiatik datorren izokina edo bakailaoa erostea erabakitzen badugu, behintzat, arrantza eredu horren atzean dagoenaren jakitun izan gaitezela. “Inguraketa arrantza eta eredu handiagokoa ere hor daude, eta herria bertako arrainez elikatzeko horiek ere beharrezkoak dira. Hemen arazoa da orain arte bezala jarraituz gero, horiek bakarrik geldituko direla”.