argia.eus
INPRIMATU
Artikutzari ere erabilera turistikoa eman nahi diotela salatu du EH Bilduk
  • EH Bilduren arabera, Artikutzako ostatua birgaitu nahi du Donostiako Udalak, “erabilera turistikoa izan dezan”. Oposizioko taldeak azaldu duenez, udal gobernuak aste honetan plazaratu ditu Europako Next Generation funtsen barruan Espainiako Gobernuak Donostiako helmugako turismo jasangarritasunaren planarengatik hiriari adjudikatu dizkion 4.400.000 euroekin aurrera eramango dituen proiektuak, eta horren barruan dago Artikutzakoa. EH Bilduk oraindik ez daki zehazki zenbat diru bideratuko duten Artikutzako proiektura.

Irutxuloko Hitza @irutxulo BeƱat Parra @parrabenat 2022ko martxoaren 21a
Artikutzako herria, elizatik ikusita. (Argazkia: Joseba Parron).

EH Bilduk azaldu duenez, Cristina Lagé Turismo zinegotziak berak oposizioko taldeei aurreratu zizkien “Artikutzarentzat dituen planak”, Donostiako Turismoko Administrazio Kontseiluaren bileran. “Hain zuzen, udal gobernuaren arabera, Artikutzan ‘Naturaren Talent House’ bat eraikitzea da asmoa. Ildo horretatik, proiektu turistikoak “beste izen batzuekin ezkutatzea” leporatu diote udal gobernuari: “Donostiako iritzi publikoarentzat onartezina den zerbait saltzen saiatzeko hitzekin jolasten jarraitzea ez dugu onartuko. Adibide asko daude gure hirian, batez ere Parte Zaharrean, non proiektu turistiko argiak beste izen batzuen atzean ezkutatzen saiatzen ari diren”. “Donostiako EH Bilduk salatzen du Artikutzari ere turismo erabilera eman nahi izatea. Izan ere, Europako funtsen partida honen kudeaketa guztia turismo sailetik eraman da, argi eta garbi utziz zein den udal gobernuaren asmoa, hau da, Artikutzari erabilera turistikoa ematea”, gaineratu dute.

Koalizio abertzalearen ustez, “Artikutzan egin beharreko edozein esku hartze Ingurumen sailak egin behar du, ez Turismo sailak”. Era berean, gaineratu dute Artikutzak balio natural handia duela, eta, beraz, “ikerketa zentro” bat izaten jarraitu behar duela, “erabilera turistikotik babestuta”. Hain zuzen ere, gogorarazi dute 2004ean Natura 2000 sarearen parte izatera pasa zela Artikutza, baita 2016ko urtarriletik aipatu sareko Babes Bereziko Eremuetan dagoela.

Ez da erabaki isolatua

EH Bilduren arabera, Artikutzako proiektu turistikoa ez da “erabaki isolatua”: “Ez da lehenengo aldia Eneko Goiaren alkatetzan naturaguneak helburu turistikoekin erabili nahi izan direla. Gogoratu behar da, adibidez, Goiak Antondegiko muinoaren artifizializazioa bultzatu duela surf parke bat egiteko, eta gauza bera esan daiteke Santa Klara uhartean ezarritako eskulturarekin. Cristina Iglesiasen eskultura, nahiz eta hasiera batean alkateak ukatu, masa turismoa sustatzeko kanpainen protagonista bihurtu da”.