argia.eus
INPRIMATU
Artikoko izotzak inoiz baino azalera txikiagoa du 2016an
  • 2015ean inoizko tenperaturarik altuenak izan dira Munduko Meteorologia Erakundeak jaso duenez. Horren ondorioa garbia izan da: Ozeano Artikoko izotzaren zabalera azken 37 urteetako txikiena da.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko martxoaren 30

2015 inoizko urterik beroena izan da tenperaturak neurtzen dituztenetik. Horixe Munduko Meteorologia Erakundeak zabaldu duen datua. Tenperatura igotzearen ondorioz, Artikoko izotza urtzen ari da, eta azken 37 urteetako azalerarik txikiena du, Greenpeace talde ekologistak salatu duenez. 14,52 milioi kilometro koadroko azalera zuen martxoaren 24ean, 2015eko minimo historikoaren azpitik –14,54 milioi kilometro koadro zituen–.

Ozeanoetako tenperaturak igo egin dira, eta hainbat herrialdek bero kolpe izugarriak jasan dituzte, Hegoafrikak esaterako. Lehorte ikaragarriak gertatu dira mundu osoan, eta horrek arazo larriak eragin ditu nekazaritza ekoizpenean eta elikagai segurtasunean. Suteak ere izan dira mundu osoko leku askotan.

Greenpeace: "Beharrezkoa da eremu hori babestea"

Greenpeacen ustez, erregai fosilak erretzea da tenperatura igoera horren erantzule nagusia. Izotza desagertzen ari da, eta horrek enpresei petrolio zundaketak egiteko aukera ematen die orain arte sarbiderik izan ez duten guneetan: “Amaierarik ez duen soka da: Artikoko izotzaren desagerpena eragiten duten enpresa horiek irabaziak ateratzen dituzte desagerpen horretatik”.

Talde ekologistaren ustez beharrezkoa da “balio handiko” ekosistema hori babestea: “Testuinguru honetan ulergaitza da petrolio eta arrantza enpresek eremu horretan industria jarduera garatzen jarraitzea”, adierazi du Pilar Marcos Greenpeace-en Artikoa salbatu kanpainaren arduradunak.

Artikoa babes-gune bihurtzeko aurrerapausoak

Azken hilabeteetan hainbat aurrerapauso egin dute artikoa babes-gune bihurtzeko. Martxoaren hasieran, OSPAR Biodibertsitate Batzordeak “zientifikoki” onartu zuen Artikoko Erresuma Batuaren tamainako zati bat babesteko beharra.

Zazpi milioi pertsona baino gehiagok sinatu dute dagoeneko Artikoan babestutako eremua sortzearen alde. Era berean, mundu osoko gobernuak New York-en bildu dira egun hauetan, Nazio Batuen Erakundeak garatu dezan nazioarteko urak babesteko beste hitzarmen bat.

OSPAReko hamabost ordezkari politikoek bilera egingo dute ekainaren 20tik 24ra Espainian. Bilera horretan erabakiko dute ozeanoko uren %10 babesten dituzten edo ez. Babes-gune bihurtuz gero, petrolio-zundaketak debekatuko lirateke eremu horretan.