argia.eus
INPRIMATU
Artetxe eta Txoperena anai-arrebak txapeldun, taldekako Xilaban
  • 300 bat entzuleren aitzinean burutu dute aurtengo taldekako Xilabaren finala, larunbatean Izturitzen. Lagun arteko giro goxo eta beroa azpimarratu dute bertsolariek zein bertsozaleek.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 18a
Ez Otoi Pentsa taldea dugu aurtengo taldekako Xilabako txapelduna

Ez Otoi Pentsa taldea dugu aurtengo taldekako Xilabako txapelduna. Miren eta Gorka Artetxe eta Maddi Ane eta Josu Txoperenak osatutako taldea nagusitu zaie Elixabet Etxandik, Lur eta Hodei Renteriak, Leire Laskaraik eta Maddi Sarasuak osatutako Hasta la 2toria talde lehiakideari. Talde bakoitzetik hiru aritu ziren kantuan, Miren Artetxe eta Txoperena anai-arrebak alde batetik eta Etxandi, Sarasua eta Lur Renteria bestetik.

Herriko haurrak batzen dituen Arberoa Ikastolako lehendakariak eskaini zituen opariak parte-hartzaile guztiei, txapela haatik Hasta la 2toria-ko kideek jarri zieten Ez Otoi Pentsa-koei.

Baina, bertsolariek zein bertsozaleek aho batez azpimarratu dutenez, plazan egondako lagun arteko giro goxo zein beroa da benetako irabazlea. Hain zuzen, oholtza gaineko bertsolarien arteko hurbiltasuna eta laguntasuna sendi zitekeen hastetik buru, 300 entzuleek behin eta berriz irri eta txaloz eskerturiko dinamika.

Hona hor Ez otoi Pentsa eta Hasta la 2toria taldekoen bukaerako agurrak: bukaerako agurrak.

Elkartea, pozik

Irailaren 20ean Itsasutik abiaturik, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin gaindi hamaika saio burutu dituzte lehiari lotutako 34 bertsolarik. Jarritako helburuei begiratuz gero, balorapen “baikorra” egiten du Xumai Murua Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriko bertsolariak oholtzara eramatea dute xede taldekako formularekin, “ banakako txapelketaren jauzia egiten ez dutenei bertsoaren plazara hurbiltzeko parada eskainiz”. Entzuleen aldetik ere, jarraipen polita lortu izanaz pozten da elkartea. Finalaren egun arrakastatsua aitzin ere, batazbestean 80 bat lagun hurbildu ziren saioka.