argia.eus
INPRIMATU
Artelanetarako BEZa %10era jaitsi dute Espainian, iazko igoerari kontra eginez
  • Espainiako Gobernuak Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) %10ra jaitsi du artelanen salerosketetarako, iaz %21ean ezarri ostean. Igandean ezarri zen neurri berria, larunbatean Estatuko Aldizkari Ofizialean (EAO) argitaratu eta gero.  Iazko igoera baino lehen %8ko BEZa zuen kulturak.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 29a

Espainiako Gobernuak “BEZ kulturalaren beherapenen” lehen pauso bezala aurkeztu du neurria. Zinemak, musikak eta antzerkiak ere BEZaren jaitsiera eskatzen dute. Zentzu horretan Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak  azaldu duenez, “zinemarentzat neurri berriak aztertzen ari gara”.

PPren gertuko zenbait hedabidek aurreratu dute gainerako kultura sektoreetan ere aplikatuko dela neurria hilabete gutxiren buruan. Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak jakinarazi du Espainiako Gobernuak “kultura arloko fiskalitatea apurka hobetzea” duela xede.

Artelanen salmentak %62ko jaitsiera urte betean

Artprice aldizkariko azken argitalpeneko datuek mahai-gainean jarri zuten artelanen salerosketek bizi duten egoera larria. Espainiako arte merkatua “katastrofikotzat” jo zuen; sorkuntza potentzial handiko herrialdea izan eta komertziorako bide egokiak eduki arren, BEZaren igoera ezarri zutenetik, %62 jaitsi baitziren artelan salmentak urte betean.

Europan baino askoz zerga handiagoa

BEZaren jaitsiera kultura sektore osoaren aldarria izan da azken urtean, Europako gainerako herrialde gehienen zerga hirukoitza ordaintzen baita Espainian.

Portugalgo herritarrak dira arteetan Espainian baino gehiago ordaintzen duten bakarrak, %23ko BEZarekin.

Belgikan, Alemanian eta Italian aldiz, %6a, %7a eta %10a gehitzen zaio berezko prezioari, hurrenez hurren.