Apirilaren 22tik 27ra egingo da Aulestin (Bizkaia) Artedrama Euskal Laborategia (ADEL) 14. aldiz. Euskal antzerkiarentzat erreferentziazkoa bihurtu den zitaren aurtengo nobedade nagusia genero-ikuspegian emandako urratsa izango da: ikastaroetako irakasle guztiak emakumeak izango dira.
"Bada denbora kezkatuta gaudela gure arloan emakumeok dugun ikusgarritasun faltarekin... Eta pentsatu dugu: ba aski, hasi behar gara etxetik, eta momentua da merezitako lekua emateko. Horregatik, 2019ko edizioan, gurekin izango ditugun irakasle guztiak emakumeak dira", azaldu dute aurtengo egitarauaren berri emateko zabaldu duten mezuan.
Hauek izango dira ikastaroak emango dituzten aktoreak: Laida Azkona, Laura Penagos, Getari Etxegarai, Estitxu Zaldua eta Iraia Elias. Guztira bost tailer eskainiko dituzte, 48 orduz.
"Arte eszenikoetan euskaraz aritzen garenon topagunea da Aulestikoa; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat zabaltzen den gunea. Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak" sustatzeko asmoa daukana, antolatzaileen arabera.
Izen-emate epea zabalik dago, baina antolatzaileek aurreratu dutenez, 14 leku besterik ez daude libre, hortaz parte hartu nahi duenak azkar hartu beharko du erabakia –kontakturako telefono eta helbideak Artedramaren webgunean–.