Artean (Bizkaia) dagoen Etxebarrie baserri agroekologikoko kideek SOS deia zabaldu zuten abendu amaieran, iraileko sute batek etxaldearen bizibidearen oinarrietako bat den ogitarako instalazioa kiskali ziela eta. Orain jakinarazi dute 7.000 euro bildu dituztela crowdfundingean eta ogia labatzeko obradorea eraikitzen ari direla.
"Mila esker danori, bihotzez!!", idatzi dute Etxebarrieko baserritarrek diru-bilketan parte hartu duten lagunentzako oharrean: "Crowdfundinga bukatu da eta esan beharra dugu guretzako izugarria izan dala, zuei esker! 6,986€ batu dituzue, guk inolaz ere espero ez genituenak. Guretzako 126 pertsonek gure proiektua bultzatu eta babestu izana oso pozgarria da. Sostengu ekonomiko honek asko errazten dizkigu aurrerapausoak eta nola ez, elkartasun mezuek asko indartzen gaituzte".
150 familiari elikagaiak eskuratzen dizkien Etxebarrie baserria talde lanean kudeatzen dute, Artean dago kokatua eta bertan elikagai agroekologikoak ekoizten dituzte. 2010. urtean hainbat gazte elkartu eta nekazaritzan lan egiteari ekin zioten, pinu monolaborantza zena jaki osasuntsuen ekoizpenerako leku bihurtuz. Barazkiak ekoiztu eta astero banatzen dituzte otzaren (saskien) bidez. Bigarren jarduera dute erlezaintza, eztia, propolia, erregin gela eta erlekumeak beste erlezain txiki askorentzat ekoiztuz. Baserriaren hirugarren zutabea da ogiaren ekoizpena, ama-orea, irin ekologikoa eta egur labea erabiliz. Hirugarren hanka hau da, hain zuzen, kolokan zeukatena irailean sute batek kiskali zienetik.
"Babestuak sentitzen gara –diote Etxebarrieko baserritarrek– ekonomikoki eta baita politiko eta ideologikoki ere. Duela urte batzuk nekazaritza agroekologikoaren bidea hartu genuenean bagenekien ez zala erreza izango, baina esan dezakegu pozik egiten dugula, pozik bide honetan aurkitzen ari garen elkartasun, konpromezu , laguntasun eta bidaideekin. Mezu honekin eskerrak emateaz gain, Maiatzaren 25ean egingo dugun labaren irekierara gonbidatzen zaituztegu eta zuen partehartzea garrantzitsua da guretzako. Danon artean eraikitakoa danon artean goxatzeko aukera izango da".