argia.eus
INPRIMATU
Artea merkatal guneko langileen deia gerentziari: errespetatu gure eskubideak
  • Leioako zentro komertzial pribatuko saltokiak lan-hitzarmena ez betetzera “animatu” ditu hango gerentziak, ELAren esanetan. Langileek bilkura egingo dute gaur, eguneroko oztopoekin amaitzea eskatzeko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko maiatzaren 24a

Duela 20 urte sortutako Leioako Artea merkatal gune erraldoiak “maila altuko zerbitzuak” eskaintzen ditu, baina hor lan egiten duten pertsonen asebetetzea gero eta eskasagoa dela dirudi. Asteazkenean, eguerdiko 12:30ean langileek bilkura egingo dute ELAk deituta, gerentziaren jokabidea salatzeko.

Sindikatuak azaldu duenez, gerentziak zentroko enpresei eskatu die –109 saltoki baino gehiago daude eta 2.000 langile inguru– ez dezatela sektoreko lan-hitzarmena bete. Merkatal gunea jabeen-erkidego pribatu batek kudeatzen du, eta lokalak alokairuan emateaz gain, haien etekinetatik ere edaten du.

Besteak beste, ELAren esanetan gerentziak saltokiak presionatu ditu udako sasoian larunbata arratsaldez ordu gehiagoz irekitzeko –Ehunen Merkataritzako hitzarmen kolektiboak dioenaren kontrara–, eta Eguberritako egun jakin batzuetan ere gauza bera egiteko eskatu die enpresariei.

Langileek egunerokoan gero eta oztopo gehiago dutela ere salatu dute. Parkingaren adibidea jarri dute horretarako. Langileentzako plazak egoera oso kaskarrean daude, autoek matxurak izan dituzte, lapurretak ere izan dira eta orain arteko sarbidea itxi egin diete: “Jendea oso haserre dago kontu horrekin”, azaldu dio ARGIAri Deiane Arrieta ELAko delegatuak.

Bilkurarekin, hori guztia salatzeaz gain, merkatal guneko langileen arteko batasunean urratsak eman nahi dituzte, “sektorialki oso bananduta” baitago orain.