argia.eus
INPRIMATU
Artea ere mailu dela aldarrikatuz
  • Gabriel Arestik zioen poesia badela mailu bat; bada, konbinazioari artea ere gehitu zioten mahaiaren bueltan batu ziren Bernardo Atxaga, Paul Beitia eta Garazi Navarrok. Kulturaz, arteaz, politikaz eta horien arteko elkarreraginaz hausnartzera gonbita egin zuten Kontseilu Sozialistako kideek Durangon, Azokatik metro gutxira.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2022ko abenduaren 12a
Durangaldeko Kontseilu Sozialista.

Ia mila nobedade aurkezten ziren karrika eta postuen aldamenera urreratu ere egin ezin zen ostegun horretan bazen bestelako proposamenik Durangon, adarretatik joan, erraietan nabigatu eta kateatzeko beta zuen ororen gozamenerako bederen. Jendeak eta bereziki gazteriak kulturara gerturatu behar lukeela-eta, zaharrak gazteari egingo liokeen manamendu erretxina bailitzan eta areto beteak erakutsi arren gazteak bazuela gaiarekiko interesa, heldulekuetako bat horixe izan zen iritzi- eta hausnarketa-trukaketei ekiteko. Ehun lagun pasatxoren aurrean, Bernardo Atxaga izan zen kultura eta kultur-produktua ezberdintzeko marra egin zuen lehena, ganora handiz arrazoituz: bestelako dimentsio bateko zerbait dela kultura; artea kultura delako; eta kultura, berriz, lengoaia. Lengoaiarik gabe ez baitago ezer, eta lengoaia delako finean, gizarteari forma ematen diona. Izan ere, Atxagaren aburuz, konturatu gabe heltzen gara hizkuntza bat erabiltzera, eta hizkuntza horrek egiten du hitz gero geure partez.

Hausnarketa luzatuta, eta Atxagak plaza hura ireki izana eskertuz, Paul Beitiak hitzartzea hasteko esan zuen hauetxek direla garaiari lotuen dauden eztabaidak. Eta gaiari heldu zion, aurka eginez hainbatek uste dutenari: hizkuntzak determinatzen duela gizartea, gizartearen mugimendua, eta beraz, baita politika ere. “Horren atzean dagoena da, hizkuntza aldatzen badugu, boterea irabaziko dugula, eta beraz, hainbat zapalkuntzekin amaituko genukeela. Baina hori ez da horrela. Gizartea mugitzen duen hori gizartearen dinamiketan bilatu behar da; ez hizkuntzan”.

Eta atzera ere, Landakora begiratuta, Atxagak kultur-produktuei buruz esandakoei jarraipena eman zien Beitiak. Kultura merkantzia gisa ikustean dago giltza haren iritziz, eta atzean dagoena da sistema kapitalista. Kultura bezala ikusi ohi dela, alegia, kontsumitzera bideratuta dagoen produktua. Eta horixe bera da, Garazi Navarroren iritziz, kosmobisio kapitalistaren adierazlerik argienetakoa. Kultur-produktuez eta salgai kontzeptuez hitz eginda, berea duenetik, bertsolaritza ere hartu zuen hizketagai Navarrok, hain zuzen ere bertsoen merkantilizazioa ematen dela esateraino. Hau da, zuzenekoaren zera horrekin baina entzun nahi den hori kantatzera behartuta dago bertsolaria. Intereseko balitz, irakurri Ekidak bertsolaritzari buruz idatzitakoa 2021eko urtarrilean.

Sorkuntza eta kontsumo askea

Gizartean bezala kulturan “askatasun” eta “berdintasun” kategoriak sukalderaino sartuta dauzkagula-eta, horrek zer nolako minak eragiten dituen aletu zituen Navarrok, eta Atxagak berriz, kontzeptuak baliatu zituen atzera begiratu bat egiteko. Gerra Hotzera egin zuen bidaian, CIA-k arte modernoaren jardunbideak sustatu eta bultzatu zituela gogorarazi zuen, huraxe baitzen tresna politika egiteko, AEBetan askatasunean bizi zirela argudiatu eta Sobietar Batasunean berriz, halakorik ez zegoela harro esateko.

Aipaturiko ideiak kultura arloan ere isla nabarmena izaten jarraitzen dutela argudiatu zuen Beitiak, sarri esan ohi baitute sortzaileek, musikariek esaterako, “nahi duena egitea lortu” duela argitaratu berri duen azken lanean. Beitiak ezetz dio, askatasun hori ez dela esan ohi den gisakoa, nahitaez egongo delako diziplina baten barnean, marko jakin baten pean, edo bestela, ez dela ezer izango; hala zioen Antonio Gramscik. Horregatik, borroka politiko gisa ere ulertu behar dela borroka kulturala ulertarazi zuten Beitiak zein Navarrok beraien hitzartzeetan, eta arteak bezala, kulturak ere funtzio soziala hartu behar lukeela azpimarratu. Víctor Jara gisakoak berreskuratzeak edo bere izatea erreproduzitzeak ez lukeelako zentzurik, bien iritziz; jarrera eta jokabidea, horixe da berreskuratu behar dena.