argia.eus
INPRIMATU
Arte obra baten azken ukitua

Imanol Satrustegi Andrés 2024ko urriaren 02a
https://elmomentoanalirico.tumblr.com

Testu hau bi urte berandu heldu da, baina mozkor-kalakak halakoak dira. Sorpresa harrigarri bat gertatu zen San Fermin Txikitotan: Maite Ciganda Azcarate ezagutu nuen, arte-zaharberritzailea eta lagun baten laguna. Gau hartan kontatu zidan konpontzen aritu zela 1972ko Iruñeko Arte Topaketa famatuetan ikusgai izan ziren bi figura.

Diktadura betean, erregimenak normalean ekitaldi publiko guztiak estuki kontrolatzen zituen, baina kasu hartan askatasun artistikoari traba gehiegirik ez jartzea erabaki zuten. Izan ere, topaketa haiek Huarte familia oligarkikoak finantzatu zituen. Abangoardiako arteari bultzada emanda, bere burua zuritu nahi izan zuten; kolore pixka bat grisean.

Ezaguna da topaketa horietan izan ziren gora-beherak: zentsura, artisten arteko ika-mikak, boikotak, obra hondatuak eta baita indarkeria-ekintzak ere. ETA V.ak aste hartan Iruñean bi lehergailu jarri zituen, horietako bat San Jurjoren omenezko monumentuan. Baina ez nuen ezagutzen Valentziako Equipo Cronica kolektiboak egindako obrarekin gertatutakoa. Rafael Solbesek eta Manuel Valdesek harri-kartoizko 100 figura inguru egin zituzten, tamaina naturalean Brigada Politiko Sozialeko polizia sekretuak irudikatzen zituztenak; gabardina gris, betaurreko ilun eta faxisten estiloko bibote eta guzti. Figura horiek hainbat ekitaldi eta happening-etan jarri zituzten, topaketetan zegoen sasi-askatasun zelatatua eta errepresioa salatzeko. Espectador de espectadores izenburua jarri zioten, hau da, ikusleen ikusle.

 

Argazkia: https://elmomentoanalirico.tumblr.com

 

Argazkia: Maite Cigandak utzia.

 

Eta orduan, performance espontaneoa hasi zen. Labrit pilotalekuan izaten ari zen kontzertu batean, ikusleak panpinekin jolasten hasi ziren: handik hara mugitzen, hondatzen, apurtzen eta lapurtzen. Figura horietako gutxi batzuk baino ez ziren salbatu. Batzuek etxe partikularretan bukatu zuten eta beste batzuek auskalo non. Ale batzuk han-hemenka sakabanaturik daude: Madrilgo Reina Sofia Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan, Nafarroako Gobernuaren esku… Orain dela bi urte, topaketen urteurrenaren harira, Iruñeko Udalak beste bi figura berreskuratu zituen, bata partikular bati erosita eta bestea maileguan. Ciganda arduratu zen horiek zaharberritzeaz. Kontua da, zaharberritzean ez zituela kolpeek utzitako arrasto guziak ezabatu. Arrasto horiek garaiko giro sozialaren isla baitira. Kolpe horien aztarnak ere ondarea dira, eta beraz, obra beraren parte. Orduan “¡Cuerpos represivos, disolución!” esaten zen; eta egun 1312 edo M.G.G.D.P.

 

Argazkia: Maite Cigandak utzia

 

Epilogoa: Topaketak gertatu eta sei hilabetera, 1973ko urtarrilean, Huarteren jabegoko zen Torfinasa lantegian greba egin zuten. Greba hartan, ETA V.ak berriz ere esku-hartu zuen. Langileen eskaerak bete zitzan behartzeko, Felipe Huarte jauna bahitu zuen. Langile mugimenduko alderdiek eta erakundeek (CCOO, ORT, MCE, LCR-ETA VI, …) ETAren esku-hartzea kritikatu zuten, esanez, indarkeria indibidualista eta burges-txikiak ezin zuela proletariotza antolatuaren masa-borrokarik ordezkatu. Huartetarrek langileen eskaerak sinatu zituzten, eta erreskatea ordaindu eta gero, enpresaburua libre geratu zen. Baina ondoko urteetan ez zitzaien abangoardiazko arteen mezenasena egiteko aldarterik geratu, eta arte topaketak ez ziren errepikatu.