argia.eus
INPRIMATU
Norman Foster arkitektoari modu zalantzagarrian esleitutako Arte Ederren Museoko obra baimendu du Bilboko Udalak
  • Bilboko Udalak baimena eman du Arte Ederren Museoaren obrak geurtz has daitezen. Berrikuntza proiektua Norman Fosterrek egin du eta honen bazkide bat (Luis Fernandez-Galiano) egon zen adjudikazio publikoa erabaki zuen epaimahaian.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko ekainaren 17a
Norman Fosterren proiektuko irudi bat.

Bilboko Udalak astearte honetan baimendu du Arte Ederren Museoa handitzeko obra eta lanak 2021eko lehen lauhilekoan hasiko dituztela jakinarazi dute, 2023an amaitzeko aurreikuspena eginda. 7.400 metro koadro handiagoa izango da eraikina obrak bukatzean, Norman Foster arkitekto britainiarrak diseinatu duen proiektuaren arabera.

Horraino ezerk ez du arretarik deitzen, salbu eta, beharbada, Norman Fosterren izen distiratsuak: mundu osoan prestigioa daukan arkitekto honen lanak ezagutzen dituzte aurretik ere Bilbon, berak diseinatu baitzituen metroko sarbideak. Obra berri honen atzeko historiari erreparatuz, ordea, kointzidentzia deigarriak agertzen hasten dira.

Proiektua nori esleitu erabaki behar zuen epaimahaian Luis Fernandez-Galiano zegoen, alegia, “Norman Foster Foundation” erakundeko patronoetako bat, arkitektoarekin lotura oso estua daukan norbait. Beraz, Arte Ederren Museoa berritzeko egitasmoa nori adjudikatu dioten ez da batere harritzekoa, nahiz eta zalantzak pizten dituen mota horretako erabakiak hartzen dituzten organoen konposizioaz eta gardentasunaz.

Ez da lehenbiziko aldia Fernandez-Galianok eta Norman Fosterrek bat egiten dutena obra publiko baten esleipena tartean dela. 2016an Madrilgo Prado museoaren hedapen bat eraikitzeko lehiaketan ere eskema berdin-berdina izan zen: Galiano epaimahaian, proiektua Fosterren poltsikoan.

Arte Ederren museoko obraren kasuan, Bilboko Udalak formak pixka bat gehiago zaindu nahi izan ditu, esleituta zegoen proiektua hiriaren antolaketarako kontseilu aholkulariari aurkeztuz –EITBren arabera, “foro horretan auzo elkarteek eta erakunde ezberdinek hartzen dute parte”–. Makillaje apur horrekin, dena prest dago arkitektoak Bilboko pinakotekaren mendebaldeko fatxadan eraikiko dituen bi solairu berrientzat, baita betiko sarrera berreskuratuko duen eskailerarentzat ere.