Adolfo Vélez Artaxoako alkateak Nafarroa erdialdean ostegun eguerdian piztutako sutearen inguruan hitz egin du Radio Euskadin: "Ez dut uste ez nik, ez nire seme-alabek, mendia inoiz ikusiko dugunik lehen zen bezala".
Tafalla inguruan sortutako suteak 2.000 hektarea baino gehiago kixkali ditu jadanik bi frontetan. Eta hainbat herritan kezka handia izan da gau osoan, tartean Barasoain, Garinoain, Añorbe eta Artaxoan. Azkeneko honen alkateak hitz egin du Radio Euskadin eta hondamendiaren tamaina ulertzeko moduko datu bat eman du: "Herriko lurren erdia baino askoz gehiago erre egin da. Pinudiak, erkameztiak, sastrakak...".
Azaldu duenez, ostegunean sua piztu orduko udaleko arduradunek koordinaturik nekazariek traktoreekin suebakiak egiten hasi ziren. Gaua iristean baina, sugarrak "inpresionanteak" ziren. Hala ere herria bera ez dela arriskuan egon azpimarratu du Vélezek.
Momentu honetan sutearen bi fronteetako bat egonkorturik daukate, Puiutik Añorbera doana; bestean baina, Artaxoa bete-betean harrapatu duena, oraindik bizi mantentzen da eta hegazkinen bidez ari dira sua amatatu nahian. "Haizea zertxobait gelditu egin da eta horrek laguntzen du –azaldu du alkateak–. Hau bukatzean eseri eta balantzea egin beharko dugu".