Arrue proiektuak eman ditu argitara emaitzak. LH4ko (9-10 urte) eta DBH2ko (13-14 urte) EAEko ikasle guztien datuak aztertu zituzten 2011n, ikasleen hizkuntza erabilera jakiteko.
ISEI-IVEI erakundeak, Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak hartu dute parte. Pablo Suberbiola Arrue ikerketan parte hartu duenetako bat da, eta haren esanetan, hezkuntzan urtetan dabilen profesionalarentzat datuak egiaztapena baino ez dira izan.
Emaitzak labur-labur ondokoak dira (pdf): LH4ko ikasleen artean, gela barruan, %60 aritzen dira euskaraz beti edo gehienetan. DBH2ko ikasleak berriz, %60 beti edo gehienetan gaztelaniaz. Jolaslekuan gaztelania nabarmen gailentzen da bi mailetan: LH4ko ikasleen %59 beti edo gehienetan ari zen gaztelaniaz eta DBH2n %75.
Ikasleak irakasleekin mintzatzen direnean datuak bestelakoak dira. Gela barruan, 9-10 urtekoen %74k euskaraz egiten diete irakasleei beti edo gehienetan. 13-14 urtekoen %61ek. Gelatik kanpo datuek behera egiten dute: 9-10 urtekoen %64 dira euskaraz ari direnak eta %52 DBH2koen artean. Pablo Suberbiola elkarrizketatu du Berria egunkariak eta ikerketaren balorazio interesgarriak jarri ditu mahai gainean. Ikasgeletatik jolastokietara euskararen erabilerak nabarmen behera egiteak harritu egiten du bat baino gehiago, eta kezka sortu. Suberbiolak nahiago du beste begi batzuekin ikusi ikasgela-jolastokia binomioan gertatzen dena: “Ez da paranormala jolastokikoa. Zuzenagoa da datuei hola begiratzea: ez zenbat jaisten den gelatik jolastokira, baizik eta zein den batez bestekoa gizartean eta zer plus sortzen duen eskolaren eraginak. Nola sortzen da plus hori? Hori da galdera. Nola euskara lehen hizkuntza ez duen ikasleak egunero euskaraz egiten duen ikaskideekin eta irakasleekin. Hori lorpen handia da”. Gizarteko argazki linguistikoa ezagututa, jolastokikoa normaltzat du Suberbiolak: “Jolastokian ere beharko luke [euskararen erabilera handiagoa]? Bai, baina ez da gauza automatikoa. Nola ikusten dituzte beren futbol ereduak? Erdaraz egiten dute jolaslekuan. Logikoa litzateke bestela egitea? Soziolinguistikoki beste zerbait espero dugu?”.
Arrue proiektuak 9-10 eta 13-14 urteko ikasleen hizkuntza erabilera aztertzeaz gain, erabilera areagotzeko balio dezaketen ondorio orokorrak eskaini ditu, alegia, nolako interbentzio aukerak dauden eskoletan hizkuntza ereduen eraginetik at. Emaitzek diotenez, eskolaz kanpoko jarduera antolatuen eremuak hizkuntza erabileran eragiten du, eta beraz, eremu horretan euskarak toki gehiago izatea bultzatu beharko litzateke.
Komunikabideak eta kultur kontsumoa dira beste esparru inportantea, batez ere A eta B eredukoentzat.
Ikerketak azpimarratu duen hirugarren eremua irakasleen arteko eta ikastetxeko bestelako langileekiko hizkuntza erabilera da.
B ereduko ikasleei begira, euskaraz aritzeko gaitasuna bera hobetu beharko litzateke eta D eredukoen kasuan hizkuntzarekiko motibazioa landu.