Baliabide eta langile falta salatu du RTX auzolan egitasmoak: “Hilabete bateko itxaron zerrendak ditugu”.
Iruñeko Arrotxapea auzoko bizilagunen eskubideak defendatzeko RTX auzolan egitasmoa sortu dute bizilagunek. “Ikusi genuen auzokideen eskubideak urratzen ari zirela, eta hala nola etxebizitza eskubidearen alde eta osasun publikoaren alde borrokatzen hasi ginen”, azaldu du Eneritz Estebanek, RTX auzolan egitasmoko kideak.
Langile gehienak bajan daudenez eta ordezkorik jartzen ez dutenez, geroz eta baliabide gutxiago dituzte pertsonak artatzeko eta itxaron zerrenda “luzeak” dituzte: “Medikuarekin telefonoz hitz egiteko hilabete bateko itxaron zerrenda dago”. Gaineratu du, telefonoz zein internetetik hitzorduak hartzeko zailtasunak dituztela: “Prozesua arintzearren internetetik egiten dugunean, sei hilabete itxaron behar dugu medikuarekin telefonoz hitz egiteko, eta aurrez aurre egon ahal izateko are gehiago”.
26.000 pazienterentzako 60 langile
Osasun etxearen arreta “urriaren” ondorioz, erabiltzaile batzuk langileen kontra oldartu dira, eta batek pasa den asteburuan bi langileri eraso egin zien. Osasun arloko langileek egoera salatzeko elkarretaratzea egin zuten, eta nabarmendu zuten “ahalik eta hobekien” egiten dutela lan: “Arrotxapeakoa Nafarroako osasun etxerik handiena da, 26.000 paziente artatzen ditugu, 60 langile izanik”.
Erasoen ondorioz, segurtasuna jarri diete langileei, baina Estebanen ustez “adabaki” bat da: “Hori ez da konponbidea; arreta desbideratzea, eta arazoa segurtasuna dela esatea da”.
Segurtasunean inbertitutako dirua langileen kontratazioetara bideratu beharko luketela uste du: “Diru gehiago inbertitu beharko lukete langileetan eta medikuen ordezkapenetan; hau da, gure osasun etxean inbertitzea nahi dugu”.
Elkarretaratze batekin hasi ziren osasun etxearen egoera salatzen, eta harrera “ona” izan zuenez, manifestazio bat egin zuten pasa den astean. Hurrengo urratsa auzokideak saretzeko asanblea ireki bat izanen da, baina oraindik ez daukate datarik: “Borrokan jarraituko dugu kalean”.