argia.eus
INPRIMATU
Arrotxapeako gaztetxearen hustean atxilotutakoentzat hiru urtetik gorako espetxe-zigorrak eskatu dituzte
  • Arrotxapeako gaztetxearen hustearen aurrean egindako protestetan atxilotutako gazteak martxoaren 15ean epaituko dituzte. Auzipetuei elkartasuna adierazteko eta espazioen defentsaren aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute epaiketaren egunean.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 04a
Arrotxapeako gaztetxeak eta Errakik egindako prentsaurrekoa.

Irailaren 2an hustu zuten Arrotxapeako gaztetxea, eta handik gutxira eraitsi zuten eraikina. Hustea salatzeko egindako elkarretaratzean gogor aritu zen Polizia, eta sei pertsona atxilotu zituzten. Gainera, beste hainbat zauritu eta identifikatu zituzten.

Martxoaren 15ean hasiko da egun hartan atxilotutako sei lagunen aurkako epaiketa. Hiru urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatu du fiskaltzak haietako bostentzat, eta bi urtekoa seigarrenarentzat.

Gaztetxeko kideek salatu dutenez, gaztetxearen hustearen harira jarritako isunen eta prozesu judizialen helburua" espazioen gaineko langile kontrola eta horien defentsa deuseztatzea" da, eta "jabetza pribatuari antolakuntzaz aurre egitera ausartzen den edonor beldurtzea".

Auzipetuei elkartasuna adierazteko eta espazioen defentsaren aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute martxoaren 15ean 9:30etan Iruñeko epaitegien aurrean.