argia.eus
INPRIMATU
Arrotxapeako atxiloketen aurrean, manifestazioa egingo dute larunbatean Iruñean
  • Espainiako Poliziak Iruñeko Arrotxapea auzoan operazioa burutu eta hamar gazte atxilotu zituenetik astebetera, agerraldia egin dute atxilotuen senide eta lagunek. Gertakariak gaitzetsi eta atxilotuei babesa adierazteaz gain, maiatzaren 5ean mobilizatzera dei egin dute.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 05a
(Argazkia: gedar.eus)

Iragan asteko asteartean hamar gazte atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñeko Arrotxapea auzoan, "talde kriminala" osatzea eta "desordena publikoak" leporatuta. Bi gau atxilo pasa eta epailearen aurrean deklaratu ostean, aske geratu ziren apirilaren 29an. Espainiako Poliziaren esanetan, egituratua eta iraunkorra den eta ekintza bortitzak antolatzeko helburua duen talde kriminal baten parte dira atxilotuak; "GKSren inguruko kale borroka taldea" izatea leporatzen die. Poliziak adierazitakoaren arabera, urtebetez aritu da gazteak ikertzen.

Polizia operazioa jazo zenetik astebetera, atxilotuen senide eta lagunek prentsaurrekoa egin zuten asteartean Arrotxapeako Plaza Gorrian. Poliziaren operazioa gaitzetsi eta atxilotuei babesa agertzeko baliatu dute agerraldia, eta baita mobilizaziora dei egiteko ere. Larunbatean Arrotxapeako Plaza Gorrian biltzeko deia luzatu die herritarrei, "Erasoen aurrean, klase elkartasuna!" lelopean 18:30ean gauzatuko den protestan parte hartzeko.

Bozeramaileek azpimarratu zutenez, atxiloketak ez dira kasu isolatua eta "horrelako egoerek gertatzen jarraituko" dute. Hala bada, ondoko ohartarazpena egin dute: "Ezin ditugu normalizatu, ezta beste aldera begiratu ere, gehiago izateko arriskua baitago".