Vox alderdi faxistak Iruñeko Arrotxapea auzoan "informazio-mahai" bat jartzeko asmoa iragarri zuen, eta "kaleetan faxistarik nahi ez duen" langile-auzo anitz baten gaitzespenarekin egin dute topo. Berriozarren ere izan dira VOXekoak, eta bertan ere izan da erantzun antifaxista. Istiluak izan dira manifestari eta Foruzaingoaren artean.
Arrotxapean izandako errepresio poliziala salatzeko prentsaurreko bat eskaini dute gaur, igandea. Jakitera eman dutenez, zaurituak izan ziren, eta haiei elkartasuna eta babesa adierazi diete. VOXen helburua bere presentzia eta mezua normalizatzea dela salatu dute, eta ez dutela horrelakorik Arrotxapean onartuko ohartarazi dute.
Espainiako Gobernuari leporatu diote faxismoa babestea errepresioa erabiliz, eta autoritarismoaren aurrean mobilizatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.