Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo arrosarioak bailiran, elkar loturik, kate luzeetan. Espeziearen arabera luzera desberdina izan dezakete bakarkako aleek, milimetro gutxi batzuetatik zentimetro batzuetara; elkartuta osatutako kateek, aldiz, hainbat metro izan ditzakete.
TALDEA: Filuma: kordatua / Subfiluma: tunikatua / Klasea: Thaliacea / Ordena: Salpida / Familia: Salpidae / Generoa: Salpa.
NEURRIA: Ale bakartiek milimetro gutxi batzuetatik zentimetro batzuetara (2-5 cm). Elkar lotutako aleez osatutako kateek berriz, metroak.
NON BIZI DA? Itsaso zabalean. Kosmopolita da. Distribuziorik zabalena duen salpa da.
ZER JATEN DU? Itoplanktona eta partikula txikiak iragazten ditu.
Bakarka edo taldean, ez dute igeri egiteko ahalmenik, baina uzkurduraz mugitzen diren animaliak dira, ura ponpatuz gorputz lirdingatsuan barrena, eta ur zutabean migratzeko gaitasuna dute. Era berean, itsaso zabalean, korronteen baitan jitoan mugituko dira.
Salpak, itsas ornodunetan animalia primitiboenak dira. Izan ere, juxtu-juxtu esan dezakegu ornodun direnik, guztiz garatu gabeko “bizkarrezur” bat baitute (notokorda), haien gorputz gardenari esker bereiz daitekeena. Horretaz gain, animaliok arretaz begiratuz gero, atal nabarmenik izatekotan, hori laranja-gorrizta koloreko kozkor handi borobila da, salpak (eta bereziki haien kateak) urrunagotik itsaso urdin zabalean ikusgarri egiten dituena. Esfera hori urdaila, hesteak eta ugal-organoak biltzen dituen zakua da. Funtsean, liseriketaz, ugalketaz eta zirkulazioaz arduratzen den funtzio anizkoitzeko gorputzeko atala.
Bitxikeriekin jarraituz, salpen ugalketa-prozesua ere oso berezia da, itxura primitiboa mantenduta ere milioika urtetan bizirauteko arrakastaren gakoa izan dena. Lehen belaunaldian (aldi asexualean) salpa bere burua klonatuta ugaltzen den izaki bakartia da. Klonak biderkatuta, haren gorputzetik aterako den zilbor-heste baten moduko kate luzea sortuko du, haren berdinak diren dozenaka edo ehunka ale txikiz osatuko dena. Une jakin batean katea aske geratuko da eta amarengandik emantzipatzen diren kimu heldugabe horiek guztiak emeak izango dira. Ahizpa denak taldean mantenduko dira, ale ar bakarti batek ernaltzen dituen arte (aldi sexuala). Behin ernaldutakoan, eme horietako bakoitza katetik askatu eta izaera bakartira itzuliko da. Horrela, enbrioi ale bakar bat erdituko du, eta horren ostean, gonada arrak garatuko ditu, etorkizuneko (beste eme bakarti baten zilbor-heste batetik sortutako) kolonia emeak ernaltzeko. Hona hemen salpen sexu jariakorra. Modu honetan, baldintza onuragarrietan azkar ugaldu eta ugalketa sexualaren bidez aniztasun genetikoa bermatzen da; okerreko baldintzetan ordea, klonazioa burutzen dute. Ezin hutsik egin, halako ahalmenarekin.
Kontuan izan salpek gure planetan ezinbesteko funtzio ekologikoa betetzen dutela. Izan ere, ozeanoetako fitoplanktonak (alga mikroskopikoak) itsas gainazaletik datorren karbono dioxidoa xurgatzen du eta beraz salpak, ura iragaziz lortzen duten fitoplanktonaz elikatzen direnez, karbono dioxidoaren bahitzaile bikainak dira. Gardena, bitxia, eta zaharra bezain errespetagarria. Ez baitago hainbeste bizidunik munduan, honen moduan ugaltzeko ahalmenik duenik; eta hori, garunik gabe. Oraindik ere “primitibotzat” hartu behar al genituzke?