argia.eus
INPRIMATU
Arrosa Sarearen X. Topaketak Oreretan egingo dituzte, irrati libre euskaldunen bozgorailu
  • Martxoaren 4an, Oreretan egingo ditu Arrosa Sareak aurtengo Topaketak, bertako Zintzilik irrati librearen eskutik. Elkarrekin egoteko parada izateaz gain, “gure presentzia aldarrikatzeko” eguna ere izango da, Aitziber Zapirain sareko kideak ARGIAri kontatu dionez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko otsailaren 14a

“Topaketak garrantzitsuak dira sareko kideok elkar ikusteko, batak besteari aurpegia jartzeko, modu zuzenean elkarren berri izateko, ongi pasatzeko… eta horrez gain, gure presentzia aldarrikatzeko: azken finean, herri komunikabideen munduan prentsak du protagonismo handiena, telebista gutxi baitago, baina tokiko irrati libreak asko gara, eta bakoitzak bere tokian informazio eta funtzio garrantzitsua betetzen du; hori bera nabarmendu nahi dugu Topaketa hauetan”, adierazi du Aitziber Zapirainek.

Hogei urteko ibilbidea egina du Euskal Herriko irrati libreen sareak eta 25 kide ditu gaur egun, hainbat komunikazio proiektuk frekuentziak okupatzeari utzi arren beste zenbait sortzen joan direlako. “Ez da kasualitatea Euskal Herrian hainbeste irrati libre txiki egotea; bada garai batean abiaturiko aktibismoaren emaitza, adierazpen askatasunari lotua, hitzen bidez ongi pasatzeari lotua… eta Topaketak horren isla dira”.

 “Euskal Herrian bada zer entzun!” hizpide, Arrosa Sareko kideek bide beretik jarraitzen dutela gogoratu dute, eta astelehenetik ostiralera 16:00etatik 18:00ak bitarte Zebrabidea magazina egiten jarraitzen dutela, Euskal Herri osorako magazina.

"Ez da kasualitatea Euskal Herrian hainbeste irrati libre txiki egotea; bada garai batean abiaturiko aktibismoaren emaitza, adierazpen askatasunari lotua"

Tailerrak, hitzaldiak, bingoa…

Martxoaren 4an, Zintzilik irratian izango da harrera ekitaldia, 10:00etan. Ordubete geroago, “Telekomunikaziorako irrati-loturak” eta “Azura automatizazio eta kontinuitaterako softwarea” tailerrak emango dituzte Gaztaino auzo elkartean. Mikelazulo elkartean berriz, irrati libreak kudeatzeko lege berriaz eta ondorioez arituko dira, “Irrati libreen legeztatzea: kontrak eta onurak” solasaldian.

Zintzilik irratian, bertaratzen diren irratien aurkezpena eta guztien artean osatutako irrati nobela emango dute, eta ondoren etorriko dira bazkaria, bingo musikala eta poteo musikala.