Tailerrak eta mahai-inguruak, dokumental estreinaldia zein kontzertuak egin zituzten larunbatean Iurretako Abadetxean, Bizkaian. Topaketa berezia izan da aurtengoa, hogei urte egin baititu Arrosa sareak.
Larunbatean egin zituzten Arrosa Irratien Sareko IX. topaketak. Egun berezia izan zen atzokoa; izan ere, Arrosaren 20. urteurrenaz gain, irrati berri baten sorrera ere ospatu zuten Iurretan elkartu zirenek: Laixiar irratiarena, hain zuzen.
Goizetik hasi ziren martxan Euskal Herriko Euskarazko irratien sareko topaketara hurbildu ziren kideak. Hasteko, hiru tailer egin zituzten Iurretako Abadetxean. Lehenengoan irratiko hizkera sexista eta arrazistari buruz hausnatu zuten; ondoren, software libreari buruz ikasi; eta, amaitzeko, zerotik egin zuten FMko emisio bat.
Tailerrak amaituta, "Irratia, podcastak, eta ondoren zer?" mahai-ingurua izan zen Goiuri Kultur Gunean. Klak eta Beranduegi podcastetako kideek eta Radixu eta Hala Bedi irratietako lagunek jardun zuten podcastaren garaiaz, nonahi eta noiznahi entzuten diren irratsaioez eta zuzenekoaren xarmaz eta garrantziaz.
Abadetxean elkarrekin bazkaldu ondoren, irratien artean zatika osatutako irrati nobelarekin girotu zuten bazkalostea.
Arratsaldean, Arrosa Irratien Sarearen 20. urteurrena ospatzeko egiten ari diren dokumentalaren lehen emanaldia egin zuten. Arrosaren sorrera eta ibilbidea ditu dokumentalak ardatz.
Egunari amaiera emateko, Haatik eta Baske Street Boys taldeen kontzertuak izan ziren Iurretako Abadetxean.