Gurelur talde ekologistaren salaketaren ostean, begirada guztiak Astigarragako Ekotrade enpresari begira jarri dira. Moyua taldeko enpresak, gaztelania hutsean, zabaldutako oharrean dio, herritarren arropa jaso edo birziklatzeko inolako zerbitzutan ez duela parte hartu.
Bost puntutako prentsa oharrean Ekotrade RDC'S enpresak Ziordiako arropa isurketarekin inolako lotura zuzenik ez duela argitu nahi izan du. Batetik dio haien zeregina eraikuntzaren hondakinak kudeatzea dela. Nahiz eta hedabideetan bestelako hondakinak kudeatzeko proiektuetan parte hartu duen enpresak. Adibidez, Donostiako Anoeta estadioko pipa-azalak jaso eta konpost bilakatzeko Anoetatik Gipuzkoako Baratzetara ekimenean kolaboratzailea zen.
Garraiobide propiorik, kamioirik, ez dutela eta beraz, hondakinen garraioa beste enpresa batzuek egiten dutela adierazi du enpresak oharrean. Argitaratu diren "ustezko isurketaren datetan Ekotradek kontratatutako garraio bat bera ere ez da Ziordiara hurbildu" argi utzi nahi izan dute. Baina, hori bai, iaz "gertakari puntuala" gertatu zela Ziordian, baina garraio enpresetako baten "akatsaren" ondorioz, eta hala jakinarazi zietela Nafarroako Gobernuko zerbitzuei. Edozelan ere, garraioen inguruan emandako informazio horrek talka egiten du Ekotradek bere webgunean bertan iragartzen duen eskaintzarekin . "Mota guztietako 16 kamioi ditugu: garabidunak, katedunak, kakodunak, iraulki-kamioiak, zabor-kamioiak…".
Zehaztu ez duten zenbait hedabidetan argitaratutako informaziekin kexu agertu dira, Ziordiako pabiloiak Ekotrade enpresarekin "loturarik ez" duelako. Pabiloi horretan mota guztietako hondakinak daudela diote (adarrak, hesi-hondarrak, bidoiak, plastikoak, koltxoiak, altzariak, artilea, etab.), "erabilitako arropa baina askoz gehiago". Eta hori ziurtatzeko argazkiak egin dituztela pabiloian bertan eta administrazioari emango dizkiotela "kontrolgabeko zabortegi" horren aurka neurriak hartzeko.
Birziklatzeko arroparen munduarekin lotura oro ezeztatu dute. Ekotradek ehunak jasotzeko edota birziklatzeko zerbitzurik ez duela egiten ari azpimarratu dute, eta ez duela horrelako materialak jasotzeko kanpainetan parte hartu. Edozelan ere, ARGIAk egiaztatu duenez, Eusko Jaurlaritzak hondakinak kudeatzeko baimendutako enpresen zerrendan, Ekotraderi baimendutakoen artean dago arropari dagokiona.