argia.eus
INPRIMATU
“Arropa dohaintzan ematea ez da zaborra ateratzea”
  • Udazkenerako arropa armairuratzen ari zarela eta beharra duen jendearentzat jantziak dohaintzan emateko aprobetxatu nahi duzula? Edozerk ez du balio, jantzietan ere duintasuna merezi dugu denok. Hala mintzatu da errefuxiatuentzako jantziak biltzen aritu den langileak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko irailaren 27a

“Total, pobreentzako da eta hotza baldin badute, jantzi bat beti da ongi etorria”. Filosofia horri jarraiki, hainbatek edozein arropa ematen du dohaintzan: zikina, apurtua, kalitate oso txarrekoa, egoera negargarrian… “baina jendeak errespetua merezi du”, gogoratu du Pablo Sánchezek. Pertsona errefuxiatuekin egiten du lan Sánchezek, eta jantziak katalogatzen hilabeteak eman ditu.

Dohaintzan ematea batzuentzat etxean nahi ez duten zaborra gainetik kentzeko modua dela kritikatu du, inoiz jantziko ez luketen hori ematea, “zaborrarekin zer egin ez dakien jende gero eta gehiagok erabakitzen duelako behar handiagoa duten familiei ematea, edozer gauza hartzeko prest egongo balira bezala”.

Jendeak dohaintzan ematen duenaren hainbat adibide txar zabaltzearekin batera (beheko irudietan), mezu argia zabaldu nahi izan du Pablo Sánchezek: “Pertsona zaurgarrienek kalitate apur bat gehiago behar dute euren bizitzetan”.