argia.eus
INPRIMATU
Bide mozketa eta protesta ugari metalgintzako bederatzigarren greba egunean
  • Bizkaiko metalgintzako langileek bederatzigarren greba eguna dute ostegunekoa. Barakaldon, Arrontegiko zubia itxi dute. A8 autobiderako eta Arrontegiko zubirako sarbide nagusiak aldizka itxita egon dira goizeko 10:00ak bitartean.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 03a
Langileak, Arrontegiko zubian / @ESKsindikatua

Sestaon eta Basaurin manifestazio jendetsuak egin dituzte langileek, besteak beste. Lehenean, Santurtziraino egin dute eta bigarrenean CCOO salatu duenez langile bat erretenitu du Ertzaintzak. Horrez gain, tesntsio egoera ugari sortu dira errepide mozketak izan diren momentuetan. Langileek Iñigo Urkullu lehendakariaren kontrako ohiu ugari jaurti dituzte, honek duela egun batzuk egindako adierazpen polemikoengatik haserre.

Petronorreko enpresa batzordeak ere bat egin du grebalariekin eta Bilboko manifestazioan izan da: "Hamargarren greba egunerantz zoazte, elkartasun eta batasun txalogarria erakutsiz, borroka horretan zuen ondoan izango gaituzue", dio Bizkaiko enpresa nagusienaren langileen oharrak.

Hitzarmenaren negoziaketa, geldi

Mikaztuta daude harremanak bi aldeen artean eta gatazkak luze joko duela dirudi. Hitzarmena negoziatzeko hurrengo bilerarako datarik ez dago, oraingoz.

 Iñigo Urkullu lehendakariaren adierazpenek haserretu egin dituzte sindikatuak. Urkulluk adierazi du udatik grebarako prest zeudela sindikatuak, akordiorako borondate falta azaltzen duela horrek, eta hitz horiek zuzentzeko eskatu dio ELAk: “Ez da ulertzen lehendakariak patronalaren alde hain argi egitea. Botere ekonomikoaren diskurtsoa erosi du eta hilabete bukaerara iristen ez den jendearengandik urrundu da”. LABek lehendakariaren dimisioa eskatu du.