Martxoaren 10ean Bonelli arrano ar gaztea hil zen Zaragozan, talken aurkako sistema zuen aerosorgailu baten aurka jo ostean. Bistan denez, sistema ez da eraginkorra. Espezie horrek Araban egin ohi du hegan, Azazetako eta Laminoriako zentral eolikoak eraikitzeko asmoa duten zonaldean.
Arriskuan dauden hegazki harrapari enblematikoak hiltzen ari dira mendilerroetako aerosorgailuen aurka kolpatuta, Arabako Mendiak Aske elkarteak salatu duenez. Aerosorgailu horietako batzuk talken aurkako geldialdi-sistema bat dute, baina ez dira eraginkorrak, hegaztien gorpuak agertzen ari baitira. Oraindik Arabako aerosorgailuek ez dute sistema hori, baina zentral eolikoetan instalatu nahi dute.
Martxoaren 10ean hil zen Bonelli arrano ar gaztea da horren adibide. Bonifacio izeneko arranoak talken aurkako sistema hori zuen aerosorgailu baten kontra jo zuen, Zaragozako San Francisco de Borjako zentral eolikoan. Hegaztia Europako Aquila a Life programan zegoen.
Bonifacio Frantziatik zetorren. Guardian egokitu ondoren, gaztaroan askatu zuten. Elkarteak azaldu duenez, espezie horrek Gasteizko mendietan egin ohi du hegan, Azazetako eta Laminoriako zentral eolikoak eraikitzeko asmoa duten zonaldean.
Arabako Foru Aldundiak parte hartzen du Aquila a Life programan. 627.000 euro kudeatuko ditu ekintzetarako; horietatik 477.000 euro Europak jarriko ditu, eta gainerakoa Aldundiak berak. Proiektuan, besteak beste, arrano kumeei linea elektrikoak saihesten irakasten zaie. Izan ere, zentral eolikoek goi-tentsioko lineak behar dituzte bildutako energia sare elektrikora garraiatzeko.
Arabako Mendiak Askek "iraingarria" eta "zentzugabea" dela dio Arabako Foru Aldundiaren jarrera. Izan ere, espezie bat babesteko proiektuan parte hartzen ari den bitartean, hegazti hori jaio den lekutik oso gertu zentral eoliko bat eraiki nahi du Aldundiak, eta plataformaren iritziz, bidegabea da: "Hegazti honen ugalketaren bitartez biodibertsitatea berreskuratzen saiatzen ari dira, ondoren hiltzeko".
Aldundia, arriskuen jakitun
Plataformak jakinarazi du Aldundiak bazekiela nolako arriskua zekarren Azazetako zentral eolikoak, ingurumen-teknikarien lehenengo txostenean ohartarazten baitzen talken aurkako sistema horien eraginkortasuna ez dagoela frogatuta eta "neurri esperimental" gisa proposatzen dituztela.
Honen guztiaren aurrean, Arabako Mendiak Askek eskatu du Azazeta, Laminoria eta Labrazako zentral eolikoen proiektuak geldiaraztea eta energia berriztagarrien garapena "biodibertsitatea babestearekin bateragarria" izatea.