Otsailaren 21ean gertatu zen istripua Arrigorriagako Conformados Facme enpresan eta, horren ondorioz, 51 urteko langilea hil da. Protesta eta dolu gisa, enpresa itxita izan da azken bi egunetan, langileek hala erabakita. Astelehenean ere bi zauritu izan ziren Amurrioko Tubos Reunidosen egondako istripuan.
Istripua arratsaldeko lehen orduetan gertatu zen eta, Osalanek adierazitakoaren arabera, lanean ari zen prentsa hidrauliko baten pieza bat askatu eta indarrez kolpatu zuen langilea bularrean. Gurutzetako Ospitalera eraman zuten eta han hil zen ordu batzuk geroago.
Langileak 51 urte zituen eta bi hamarkada zeramatzan lanean enpresa horretan. Langile Sindikal Batasuneko afiliatua zen. Sindikatu horrek lan ikerketa sakona eskatu du, istripua nola gertatu den jakiteko, eta doluminak erakutsi dizkie senitartekoei eta gainerako langileei.
ELAk salatu duenez, prekarietatea eta prebentzioaren alorrean “enpresaburuek egiten duten inbertsio falta kokatu behar dira halako lan heriotzen atzean”. Eusko Jaurlaritza ere salatu du sindikatuak, “ez duelako, bitarteko eraginkorrik jartzen lan ezbeharren benetako gizarte gaitz dienei aurre egiteko”.
LABen aburuz, “enpresak makinen araudia ez betetzeagatik hil da langilea. Prentsa baten manipulazioan pieza bat jaurtikita ateratzeak segurtasun bitartekoen falta adierazten du. Makina batek eragiten dituen arrisku guztiak aurreikusirik egon behar dute eta arrisku horietako bakoitzarentzako neurriak hartu behar dira”.
Astelehenean bi zauritu Tubos Reunidosen
Otsailaren 20an ere Pine Instalaciones y Montajes enpresako bi langilek istripua izan zuten Amurrioko Tubos Reunidos lantegian lanean ari zirela. Horietako langile bat Gurutzetako Ospitalera eraman zuten erredura larriekin, eta bizia galtzeko arriskuan ez badago ere, ondorio larriak izango ditu eta sendatze prozesuak luze joko du. Beste langilearen zauriak arinagoak izan ziren eta lantegian bertan egindako sendaketen ondoren etxera bidali zuten.
Istripua salatu eta lankideei elkartasuna agertzeko, Pine Instalaciones y Montajeseko enpresa batzordeak bilkura egingo du ostiral honetan, 14:30ean Zamudioko Ugaldeguren II industrialdean.
Urtea hasi denetik zortzi langile hil dira Euskal Herrian lanean ari zirenean, asteazken honetan Donibane Lohizunen ikasle batek gelan labankadaz hil zuen irakaslea ere kontuan hartuta.