argia.eus
INPRIMATU
Arrigorriagan baietz 365!
  • "Egia Euskaraz" estiloak zabaltzen jarraitzen du, oraingoan Arrigorriagara heldu da. Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz! ekimena hartu dute eredutzat eta lanean hasiak dira dagoeneko. ARGIAko erredakziora haien ekimenaren berri emanez idatzia bidali digute.

ARGIA @argia 2016ko azaroaren 15

Arrigorriagan 35 urte baino gutxiago duten herritarren %80 euskalduna edo ia-euskalduna da, baina euskararen erabilera ez da %10era heltzen. Azken urteotan euskaldun kopurua sano hazi den arren, erabilerak ez du gora egin. Argi dago, hizkuntzaren ikuspuntutik, helmugatik urrun gaudela.

Herritarrek hizkuntz eskubide eta aukera berdinak izan beharko genituzke erdara eta euskara erabiltzeko, baina, batzuetan, euskal hiztunok ez dugu euskaraz jarduteko aukera praktikorik, eta, beste batzuetan, iraganeko inertziek moldatzen dute gure hizkuntz portaera, eta ez gara ausartzen euskara erabiltzera. Hori eremu intimoetan (familian, lagun artean…) gertatzen zaigunean, zaila egiten zaigu egoera gainditzea. Horregatik antolatu zuen Abarrak Euskara Elkarteak ZUREKIN EUSKARAZ estimu handian zaitudalako tailerra, Gemma Sanginesen eskutik.

Tailerra oso emankorra izan zen. Gure iritzian, Gemmaren lorpen handiena izan zen taldearen ilusio kolektiboa berpiztea: gure nekeek, kezkek eta desengainuek lekua utzi zioten ilusioari, eta lanari ekin genion. Lasarte-Oriako Baietz 40 egun euskaraz! hartu genuen eredutzat, baina geurera egokitu behar izan genuen. Izan ere, gu hogei lagun ginen, gogotsu bai, baina ez geneukan ezer landuta; hala eta guztiz ere, aurrera egitea erabaki genuen, eta herria aktibatzeko ekimena sortu genuen: Baietz365!.

Gurean, euskara erabiltzeari bai esatea proposatu dugu: batzuek NIK BAI! txapa eramango dugu, esateko euskaraz egingo dugula lagunak ulertzen duenean; besteek NIREKIN BAI! txapa eramango dute, adierazteko ondo hartzen eta ulertzen dutela euskara, batzuetan, halabeharrez, erdaraz erantzun arren. Joan den astean hasi ginen eta erronka bota dugu herrian: baietz 365 lagunek hizkuntz portaera aldatu Euskararen Egunerako. Jakina, helburua da urteko 365 egunetan eustea hizkuntz jokabide berriei.

Goiz da ezer baieztatzeko, baina ekimena ondo hartu izan den zantzuak ikusi ditugu leku guztietan: enpatia handia, elkarlanerako gogoa, euskara sustatzeko nahia, eta, batez ere, ilusioa. Lanari ekingo diogu hurrengo asteetan herrian euskara erabiltzea errazagoa izan dadin. Eskerrik asko bidea erakutsi diguzuen guztioi!

Baietz365! lagun-taldea.