Hala adierazi du Arrigorriagako Udalak apirilaren 11n igorritako oharrean. Bizkaiko Foru Aldundiari bigarren aldiz exigitu dio herriko zahar etxean koronabirusak kutsatuta dauden pertsonen eta hildakoen datuak eman ditzan. "Bizkaiko Foru Aldundiari exijitzen diogu erantzukizunez eta gardentasunez joka dezan eta esku har dezan gai honetan".
Apirilaren 11n bidali du oharra Arrigorriagako udalak, adieraziz "Bizkaiko Foru Aldundia zahar etxearen kudeaketan izaten ari den jarrera onartezina" dela. Arrigorriagan dagoen zahar etxea Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumenekoa da. Udalaren eskumenekoa ez bada ere, Covid-19aren ondorioz sortutako egoera dela eta, jarraipen estua egiten saiatzen ari da udala, "modu ez ofizialean jaso dituen datuak oso kezkagarriak direlako".
Udalak oharrean adierazi duenez, bertako arduradun politikoak egoitzako zuzendariarekin harremanetan egon dira telefono bidez. Udalak egindako laguntza-eskaintza onartu izan du egoitzak: "Bi aldiz bidali zaizkie Norberaren Babeserako Ekipamenduak (EPI), eta udaletik egindako langileentzako ostatu-eskaintza helarazi egin die langileei".
Baina udalak adierazi du ez dela neurri berekoa izan zahar etxetik jaso duten informazioa: “Argi utzi du ez digula daturik emango Covid-19 gaixotasunaren ondoriozko gaixoen kopuruari, ezta hildakoen kopuruari buruz ere. Aurretik esan izan digun moduan, berriz ere esan digu Bizkaiko Foru Aldundia dela datuen jabea eta datuen hartzaile bakarra”.
Arrigorriagako udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eta Osakidetzari datu eskaera egin zien eta erantzunik jaso ez dutenez, berriz ere bideratu du Maite Ibarra alkateak eskaera formala Aldundira eskaera.
Ibarrak adierazi duenez, "Bizkaiko Foru Aldundiak hilean behin baino ez ditu argitaratzen datuak, Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek ez bezala, ia egunero egiten baitute. Aldundiak datu hauek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, fiskaltzari eta hildakoen senideei soilik ematen dizkie".
Eskaera hauxe luzatu dio udalak Aldundiari: "Gure nagusiei eta haien familiei zor zaien errespetuagatik Bizkaiko Foru Aldundiari exijitzen diogu erantzukizunez eta gardentasunez joka dezan eta esku har dezan gai honetan, berandu baino lehen urgentziazko neurriak har ditzan egoera birbideratu dadin".
Hona hemen Arrigorriagako alkate Maite Ibarraren adierazpenak: