argia.eus
INPRIMATU
“Marokoko kargu publiko ustelek eta mafia lobbyek behar lukete kartzelan”
  • Gutxieneko eskubide demokratikoak eskatzen ari dira Marokoko Rif eskualdeko bizilagunak, joan den azarotik. Uztailaren 20ko “milioien martxa” amaitzean irakurri dute protestetako buruzagietako bat den Naser Zafzafik espetxean idatzitako mezua.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 28a

Hirak herri mugimenduaren buruetako bat da Naser Zafzafi, nahiz eta berak, “bat gehiago” dela esaten duen. Maiatzaren 29an atxilotu zuten beste ehunka lagunekin batera, eta ordutik espetxean dago.

Uztailaren 20ean Abeldkrim Al-Khattabi buruzagi rifartarrak 1921ean Espainiar Estatuaren kontrako garaipena eta Arrifeko Errepublikaren sorrera eguna ospatzen da. Urteurrena probestuz egin dute “milioien martxa” deituriko manifestazioa.

Amaiera ekitaldian irakurri dute Zafzaniren gutuna. Hor, "kartzelan egon arren, anai arrebekin batera borrokaren parte izateagatik pozik dagoela” eta “bide baketsu beretik jarraitu beharra” dagoela azpimarratu du. “Rifeko seme-alaben ordez, kargu publikoen ustelkeria eta mafia lobbyek behar lukete kartzelan”.

Uztailaren 30ean, Mohamed VI.a erregeak urtero ematen duen hitzaldia egingo du, eta herrialdeak bizi duen protesta egoeraren aurrean zer esango duten zain daude riftarrak.

Bederatzi hilabete dirauen protesta

Mouxine Fikri gaztearen heriotzaren ondotik urrian hasi ziren protestak. Arraina saltzen ari zela salgaia kendu eta zabor-kamioira bota zuten portuko zaindariek. Bere ogibide bakarra zenez, gazteak kamiora salto egin zuen. Orduan, zaborra txikitzeko mekanismoa martxan jarri eta bertan hil zen..

Ordutik manifestazio eta mota orotako protestak Rif osoan zehar hedatu dira, "Hirak" Rifeko Herri Mugimenduaren sorrerarekin batera. 2011ko Udaberri Arabiarretik ez dira tamaina honetako protestarik gertatu. Marokoko gobernuaren erantzuna, ohi legez, errepresioa izaten ari da.