Irma Lopez Aurelio, 28 urteko indigena mexikarrak umea izan zuen arreta ukatu zioten osasun etxearen aurrean.
Republica.com interneteko egunkarian irakur daitekeenez, pasa den urriaren 2ko gauerdian Irma Lopez Aurelio gaztea erdiminekin hurbildu zen San Felipe Jalapa de Diaz herriko ospitalera. Medikuek ikusi zuten arren ez zuten ingresatu eta ez zioten arretarik eman. Hortaz, emakumeak osasun zentro pareko belardian erditu behar izan zuen, inoren laguntzarik gabe.
Bertatik pasa eta eszena hura ikusi zuen jendeak asaldatuta eman zien medikuei kanpokoaren berri; baina belardian jaioberri bat zilbor-hestetik amari lotua zegoela jakin zuten arte ez zioten jaramonik egin.
Silvia Flores Peña udal presidenteak salatu duenez ez da halako zerbait gertatzen den lehen aldia. Duela hilabete eta erdi beste emakume indigena batek ospitale aurrean izan zuen haurra, berari ere sarrera ukatu ziotelako. Agintariek kasu horren berri izan zuten arren albistea ez zen ezagutzera eman eta ez zuten neurri berezirik hartu.
Oraingoan aldiz, gertaera sare sozialetan zabaldu da emakume erditu berriaren lekuko izan zen mutil batek irudia Facebookera igo ostean. Argazkiak mundua hunkitu du, garbi erakusten duelako indigenek eta bereziki emakumeek bizi duten egoera gogorra.
Mexikoko Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak afera horretan esku hartuko duela jakinarazi du, giza eskubide oinarrizkoenak urratzen direlako.