6.000 eurotik 10.000 eurorainokoak izango dira zigorrak. Katalana da Andorrako hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta biztanleen erdiaren ama hizkuntza gaztelania den.
Andorrako Kultura ministroak "esfortzu minimoa" eskatu die herritar guztiei, katalana zaindu eta tokiko hizkuntzan hitz egiteko. Are gehiago: "Bezeroek hizkuntzaz aldatzen badute ere, katalanez hitz egingo dio saltzaileak".
Orain arte ere hori sustatzen zuen Andorrako Gobernuak, baina ez denez konplitzen, urtarriletik aurrera zigorrak ezarriko dizkie legea betetzen ez dutenei. Ez dira kastigu makalak izanen: 6.000 eurotik 10.000 eurorainokoak izan daitezke.
Katalana, Andorrako hizkuntza ofizial bakarra
Euskal Herriko administrazioetan euskararekin gertatzen ez den bezala, Andorrako Printzerrian katalana da hizkuntza ofizial bakarra. Gaztelaniaren presentzia nabaria da Andorran, baina katalanak baino pisu apalagoa du erabileran.
Andorrako Gobernuak emandako datuen arabera, Andorran bizi direnen %44aren ama hizkuntza katalana da –2018an, %35 ziren–, eta %40arena da gaztelania. Etxeko hizkuntza bezalaxe, katalanaren erabilera ere igo egin da: 2018an %55ak erabiltzen zuen hizkuntza nagusia zen, eta 2022an %63,7ak.
Datu horiek katalanaren alde indartu nahi ditu Andorrako Gobernuak. "Norabide egokian" doazela uste du Kultura ministroak, baina "gehiago" egin behar dela iritzi dio. "Integraziorako tresna izan behar du hizkuntzak", adierazi du, bertara emigratzen dutenei buruz mintzatzean. Horregatik, Andorrara heldu orduko "diptiko informatibo bat" emango zaie katalanaren erabilerari loturiko eskubide eta betekizunen inguruan.