argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta mobilizazioak egin dira Hego Euskal Herrian
  • Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko egunaren harira, hainbat mobilizazio antolatu ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan. SOS Arrazakeria Bizkaiak etxebizitza eskubidea jarri zuen erdigunean Bilboko mobilizazioetan eta Donostian, paperik gabeko migranteen babesgabetasuna salatu zuten.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 22a
Argazkia: SOS Arrazakeria

Igande honetan, milaka lagunek aldarrikapen antiarrazistak atera zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleetara. Bilbon egindako manifestazioan etxebizitza eskubidea jarri zuten erdigunean. SOS Arrazakeria Bizkaiak mila pertsona baino gehiago mobilizatu zituen, “Etxebizitza denontzat, arrazakeriak etxerik gabe uzten gaitu” lelopean.

Manifestazioa Mariaren Bihotza Plazatik hasi eta udaletxe parean amaitu zen. Amaierako ekitaldiko irakurketan, kale eta auzoetan azaldutako arrazakeriaren eta xenofobiaren biktimak pertsona arrazializatuak, etorkinak eta ijitoak direla gogorarazi zuten.  “Edonork merezi dituen duintasun eta errespetua haiei ez zaizkie aitortzen eta, gainera, osasuna, hezkuntza edo bizilekua edukitzea bezalako oinarrizko eskubideak gauzatzeko aukera ere ukatzen diete”.

Hain zuzen ere, azken alderdi horretan jarri zuten fokua: “Etxebizitza giza duintasuna babesteko funtsezko zutabea da, batez ere familian eta komunitatean parte hartzeko nahiz gizarteratzeko prozesuetan horrek duen garrantziarengatik”.

Gainera, arrazakeria eta xenofobia ematen diren zenbait kasu salatu zituzten: etxe agentzien eta etxebizitzak alokatzen dituztenen jarrera arrazistak, udalek erroldan sartzeko jarritako zailtasunak, auzoetako jazarpen, oldarraldi eta eraso arrazistak, etxe espekulazioa eta alokairuaren prezioaren igoera eta kalean bizi direnak indarrez lekualdatzeko jokabidea besteak beste.  "Abusuaren kontra eta bizitzak esplotatzearen aurka abiatu gara, bizilekua eskuratzeko prozesuetan inor ez baztertzeko eta arrazakeria ezabatzeko", azaldu zuten amaitzeko.

 
Beste hiriburuetako mobilizazioak

Donostian ordea, Zure papera garrantzitsua da lelopean,Trintxerpetik Bulebarreraino arrazakeriaren aurkako martxa antolatu zuten. “Paperik gabeko pertsona migranteek egunez egun pairatzen duten babesgabetasuna” salatu zuten SOS Arrazakeria elkarteak, eta martxari babesa adierazitako 68 gizarte eragilek. "Batere eskubiderik ez izatearen eguneroko infernua" bizi dutela eta pandemiaren ondorioz egoerak okerrera egin duela gogorarazi zuten. Halaber, etorkinak eskubideak dituztela eta paperik ez edukitzea delitua ez dela azpimarratu zuten "inor ez da ilegala" leloarekin.

Iruñean egindako manifestazioan, "polizia kontrol arrazisten gorakada, justifikaziorik gabeko atxilotzeak eta atzerritarren brigadaren aurrean egindako zitazio tranpak" salatu zituzten. "Gertakari horiek ez dira salbuespenezkoak, biztanleria migratzailea eta arrazializatua kontrolatzeko eta kriminalizatzeko estrategia baten parte dira" adierazi zuten. Halaber, "migrazio eta asilo politikak arrazakeria instituzionalaren adibide" direla salatu zuten, eta "mugen kontrolean, itxieran eta kanporatzean" zentratuta daudela.

Iruñeko manifestazioa. Argazkia: ekinklik.org.