argia.eus
INPRIMATU
Arrazista naiz, baina

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko ekainaren 15
Argazkia: quefranquicia.com Argazkia: quefranquicia.com

Baina norbaitek egin behar ditu guk –oraindik– egin nahi ez ditugun lanak ostalaritzan, garbiketan, zaintzan, garraioan, eraikuntzan.

Arrazista naiz, baina poza eman dit irakurtzeak “langile eskasiari aurre egiteko Kolonbiatik 50 bat pertsona ekartzeko egitasmoa lantzen” ari dela Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, eta Espainiako Gobernuak antzera egin nahi duela lan-eskua faltan duten sektoreak asetzeko, horretarako Atzerritarren Legea bera moldatuta. 2013an irekitako aukera eskuzabala pixkatxo bat eskuzabalagotzea da azken batean, ez besterik –urte horretatik landa, 500.000 euroko jabetzaren bat erosten duen atzerritarra automatikoki hartzen du beso zabalik Espainiako Erreinuak komunitateko kide legal gisa–.

Arrazista naiz, baina epela, demokratiko samarra, “ez naiz arrazista, baina” esan ohi duten horietakoa. Nahigabe epel demokratikoa eragiten didate Bidasoako ur hotzetan tantaka hiltzeko ohitura duten horiek, eta ez nituzke, jakina, kaletik iraindu edo egurtuko gixajoak. Horregatik dut Vox salatzen publikoki, bere muturreko arrazakeriagatik; baina eskertzen intimitatean, nire arrazakeria zuritzeagatik: a ze eskandalua zor zitekeen pertsonak baliabide huts gisa maneiatzen dituzten goikoen moduko ekimen arrazistekin bestela.

Arrazista naiz, baina norbaitek garbitu behar ditu gure enpresetako, gure etxeetako, gure ipurtzuloetako kakak, norbaitek zerbitzatu behar gaitu gure asteburuko edo oporraldietako mozkor eta bazkaritan. Bai, nik ere nahiago nuke, aukeran, gutar batek egitea, lan baldintzak duindu eta lan postuak zuritzea, baina ez da erreala –ez da ideologia kontua, merkatu kontua baizik–. Askozaz errealagoa da pixka bat itxoitea, bihar guk geuk erregutuko baititugu gaur baztergarriak zaizkigun baldintzetan esplota gaitzatela, esplota gaitzatela behintzat, eta orduan bidaliko ditugu ostiko batekin bueltan orain ekarriko ditugun baliabide horiek guztiak.