Eldiario.es egunkariaren arabera, Udalak ekintza hori ez du beharrezko ikusten “Gasteizen ez dagoelako arrazakeriarik”.
Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak eta immigrazioaren inguruko gaiak lantzen dituen Norabide zentroak eskola tailerrak antolatu dituzte Gasteizen arrazakeriari eta xenofobiari aurre egiteko. Lehen fasea –helduentzat gizarte etxeetan egindakoa– jadanik bukatuta dago eta orain bigarren faseari ekin behar zioten, ikastetxeetarako egokitutako edukiekin.
Gasteizko Udalak bat-batean finantzazioa kendu die eskola tailer horiei, Eldiario.es egunkariak argitaratu duenez. Argituz elkarteak izena emanda zeuden ikastetxeei ohar bidez azaldu die “erabaki politikoa” izan dela eta ez dagoela batere ados hartutako neurriarekin.
Eldiario.es-en iturrien arabera Udalak erabaki hori hartu du ez duelako beharrezko ikusten halako ekintzarik hirian: “Gasteizen ez dago arrazakeriarik”, argudiatu omen du.
Argituzek azaldu du prest dagoela eskola tailerrekin segitzeko nahiz eta finantzazio faltak eragina izango duen hedapenean, ahalik eta ikastetxe gehienetara iristea baitzen hasierako helburua.