EAEn egindako hainbat inkestek erakutsi dute etorkinen kontrako aurreiritziek gora egin dutela azken urtean. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko du irailean, jokabide arrazista eta xenofoboak saihesteko helburuarekin.
Kanpainak, erakunde-publizitatean oinarrituta, 152.448 euroko aurrekontua edukiko du eta prentsa idatzian, irratian eta telebistan garatuko da. Bertakoek atzerritarrekin enpatizatzea lortu nahi du Jaurlaritzak ekimen honekin.
Atzerritarren kontrako aurreiritzien gorakada krisiaren eraginez
Berriki egindako inkesten arabera, herritarren %65ak uste du etorkinak EAEko gizarte laguntzetaz gehiegi aprobetxatzen direla. Ehuneko hori iazkoa baino sei puntu altuagoa da.
%65ak ere atzerritarrek diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) bereganatzen dutela pentsatzen du, eta ondorioz ez dutela lanik bilatzen. Gainera, herritarren herena DBEa lortzeko bertakoek lehentasuna izatearen alde agertzen da.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren ustez atzerritarren kontrako aurreiritzien gorakada krisi ekonomikoaren eta langabeziaren ondorio da.