argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeriari buruzko barometroak arazoaren parte direnean

Tamara Clavería AMUGE elkartea 2024ko apirilaren 03a

Imajinatu galdera hauek egiten dizkizutela barometro instituzional baterako: "Nola ikusten dituzu pertsona zuriak gainerako gizartearekin alderatuta: gatazkatsuagoak/ zintzoagoak/ langileagoak/ solidarioagoak?". Ezohikoa izango litzateke, ezta? Martxoaren 21eko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, zalantzan jarri nahi dugu ikerketa soziologikoetan hain errotua dagoen joera: gehiengo sozialei boterea ematea, baztertutako gizarte-taldeak epaitzeko.

Ikuspegik, Immigrazioaren Euskal Behatokiak, urtero egiten du jatorri atzerritarra duten biztanleen inguruko pertzepzio eta jarrerei buruzko barometroa, eta 2023ko urtarrilean aurkeztu zuen Ijito Herriari buruzko lehen baliokidea. Orduan, gure lehen erreakzioa esker onekoa izan zen, bizi ditugun egiturazko indarkeriei buruzko datu eguneratuen premia handia dugulako, eta politika publikoak diseinatzeko baliogarriak izan daitezkeelako. Aitzitik, Neurtu 2022 txostena sakon irakurrita, planteamenduak kirrinka egin zigun eta, are gehiago, erraietan sentitu genuen zenbait galderek birbiktimizatu egiten gaituztela.

Ez gara Ikuspegiren metodologiaren azterketa kritikoa egin dugun lehenengoak. Zehazki, Jokin Azpiazu Carballo EHUko soziologoak, LGTBI herritarrei buruzko Neurtu 2021 barometroarekin kolaboratu zuen, eta Ikuspegiren Zabaldu monografikoan adierazi zuen gure antzeko ezinegona. Hasteko, integrazioaren eta tolerantziaren markoa zalantzan jarri zuen: hau da, barometroek arreta jartzen dute herritarrek adierazten duten sinpatia-mailan, egiturazko indarkerien hedapena neurtu beharrean. Beste hitzetan, herritarren %60k esan arren ez lukeela arazorik izango ijitoak kontratatzeko edo etxebizitza alokatzeko, gure elkartearen esperientziaren arabera ijitoen ia %100ek arazoak ditu enplegua eta etxebizitza lortzeko.

Bigarrenik, "desiragarritasun joera" delakoa konpentsatzeko moduak bilatzeko beharra adierazi du Azpiazuk; hau da, jendearen erantzunak zuzentasun politikora egokitu ohi direla eta, hortaz, ez dutela balio jarrera arrazisten benetako zabalkundea neurtzeko. Horren adibide argia da, Neurtu 2022-ko datuen arabera, euskaldunen %38k soilik saihestuko edo ukatuko lukeela seme-alabak ikasle ijito asko dituzten eskoletara eramatea; jakin badakigun arren askoz kezkagarriagoa dela eskola-segregazioaren errealitatea Euskal Autonomia Erkidegoan.

Oilo-ipurdia eragin digute gure haurtzaroa jomugan jartzen duten Ikuspegiren barometroko esaldiek: ‘Ijitoak ez dira aurrera ateratzen egokiak ez diren balioak irakasten dizkietelako haien seme-alabei’

Alabaina, bereziki asaldatu gaituzte gure kulturari, gure ohiturei eta gure kalitate moralari buruzko epaiak sustatzen dituzten galdera-multzoek; are gehiago, kontuan izanda %30ak soilik adierazi duela lagun edo ezagun ijitoak dituela. Ohiko zurrumurru arrazistei erreferentzia egiten dietenak baino gehiago (esaterako, delinkuentzia eragiten dugun ala ez), oilo-ipurdia eragin digute gure haurtzaroa jomugan jartzen duten esaldiek: "Ikasle ijitoek jaitsi egiten dute eskoletako hezkuntza-maila" edo "Ijitoak ez dira aurrera ateratzen egokiak ez diren balioak irakasten dizkietelako haien seme-alabei".

Ikertzaileek txostenean argudiatzen dute "estrategia metodologikoa" dela herritarrei ideia estereotipikoak galdetzea. Aitzitik, estrategia kaltegarria iruditzen zaigu, jendartea gonbidatzen duelako Ijito Herria talde homogeneo eta gainerakoekiko antagoniko gisa pentsatzera, eta estereotipoak errepikatzeak iruditeria negatiboa eta desitxuratua indartzen duelako. Komeni da kontuan hartzea Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideetan oinarritutako datuen ikuspegia txostenean egiten duen ohartarazpena: herritarrei egindako iritzi-inkestek "ez dute diskriminaziorik, aurreiritzirik edo estereotiporik sortu behar zenbait biztanle-talderen kaltetan, ezta lehendik daudenak indartu ere".

Zentzu horretan, Azpiazurekin bat gatoz datuak interpretazio arduratsu eta konplexu batekin laguntzearen beharraz. Aitzitik, Neurtu 2022 barometroan ez da inolako elementurik aurkezten (ez galdetegian, ezta txostenean ere) harrera kezkagarria duten genero-aurreiritzi antigitanoak ezabatzeko: esaterako, inkestatutako lautik hiruk adierazi dute ijitoak gainerako herritarrak baino matxistagoak garela, eta gure kulturak emakume ijitoon hezkuntza- eta lan-garapena mugatzen duela.

Bestalde, inkestaren beste bloke batean herritarrei galdetzen zaie ea ijitoen aurkako indarkeriaren lekuko izan diren (txantxetatik hasita). Deigarria da barometroek herritarrei esleitzea lekukoaren edo biktimaren papera, baina inoiz ez erasotzailearena. Ez al litzateke interesgarria izango galdetzea zer egin duten eraso arrazista baten aurrean; isildu, aldendu, borrokatu edo konplize bihurtu?

Agian, Ikuspegik bere metodologia findu izango luke kolaboratzaile-taldera ikertzaile ijitoren bat gehitu izan balu, hala nola Patricia Caro Maya (genero-antigitanismoan aditua), Nicolás Jiménez (soziologoa), Araceli Cañada Ortega (ijito-kulturari buruzko lehen unibertsitate-irakasgaiaren bultzatzailea) edo Helios F. Garcés (analista politikoa). Aitzitik, bi gizon akademiko zuri aukeratu ditu, eta modu horretan indartu du aholkulari ijito kualifikaturik ez dagoelako aurreiritzia.

Ez da inolaz ere gure asmoa aurreiritzi arrazistak neurtzen dituzten ikerketen aurka egitea; behar-beharrezkoak ditugu gure antigitanismo-salaketak laguntzeko. Eskatzen duguna da Akademiak eta erakundeek ikerketa horien oinarri metodologikoak berrikustea. Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaigu epistemologia kritikoez ikastea (feministak, antikolonialak, parte-hartzaileak...), justizia soziala eta giza-aniztasuna aldarrikatzeko ezagutza-esparru egokiagoak eskaintzen dituzten aldetik.

Amaitzeko, Neurtu 2022 ikerketako beste bi datu kezkagarri nabarmendu nahi ditugu: inkestatutako pertsonen %85ek baino gehiagok ukatu du arrazakeria antigitanorik dagoenik ikastetxeetan, merkataritza-establezimenduetan edo Administrazio Publikoaren zerbitzuetan, eta ia erdiek gure bazterkeria egoeraren errua egozten digute. Orduan, ba al du zentzurik ezjakintasunari eta aurreiritziari bozgorailua ematen jarraitzeak? Gure ustez, antigitanismoa aitortzeko eta borrokatzeko formula beste bat izan behar da: ijitoen jakintza eta erresistentzietatik ikasteko jarrera hartzea eta sustatzea. Ezinbesteko baldintza iruditzen zaigu, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan ardaztutako gizarte bat eratzeko.

Tamara Clavería Jiménez, AMUGE elkartea.

Hurrengo soziologo eta politologoek ere sinatu dute: Tania Martínez Portugal, Zesar Martínez, Francy Fonseca eta Jule Goikoetxea.