argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeriaren kontrako partida larunbatean Bilbon
  • Laugarren urtez, arrazakeriaren kontrako Futbol & Reggae txapelketa egingo da Bilboko Karmelan. Bilbo Reggae Skins taldeak antolatu du, Mugimendu Panafrikanistaren eta SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Mbolo Moye Doole eta Zanafrik elkarteen laguntzarekin.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 29a
Iazko txapelketako argazkia (Argazkia: Ekaitz Zilarmendi)

Larunbatean egingo da Futbol & Reggaeren laugarren edizioa, goizeko 09.00etatik iluntzeko 19:00ak bitartean, Bilboko Santutxu auzoan dagoen Karmela gune autogestionatuan. Orain arteko txapelketa jendetsuena izatea espero dute, ehun pertsona baino gehiagok parte hartuko dutela aurreikusten baita. Futbol partiduez gain, bazkaria ere antolatu dute, eta bertaratzen direnek pintxoak eta edariak dastatzeko aukera ere izango dute. Disko jartzaileak arituko dira zuzenean, txapelketa reggae doinuz girotu asmoz.

Antolatzaileen esanetan, futbola aitzakia bat besterik ez da. Berriari adierazi diotenez, ekimenaren funtsa, izatez, “integraziorako bitarteko bat” sortzea da, “trataera gizatiar bat merezi duen errealitatea ikusarazteko saiakera”. Arrazakeriarik gabeko guneak eta jendarte inklusiboa aldarrikatzea dute xede, eta beren nahia txapelketaren bueltan kulturarteko topaketa sustatzea da.

Txapelketak iraun bitartean Aziz artista senegaldarra lan bat sortzen arituko da, egunaren amaieran irabazleek etxera eramango dutena.