argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Kontseilua sortu dute Nafarroan
  • Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Planaren ezarpena gainbegiratzea.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 18a
Arrazakeriari aurre egiteko kontseilua aurkeztu dute. Nafarroako Gobernua

Nafarroako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Kontseilua lehen aldiz bildu da asteartean, herrialdean diskriminazio etniko eta arrazistaren aurkako borrokan eragin zuzena izateko helburuarekin. Nafarroan sortzen den lehenbiziko organoa da arlo honetan, eta Nafarroako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Planaren 2022ko analisiaren emaitza da.

Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Lehendakariordearen gidaritzapean dago kontseilua. Guztira 28 kidek osatzen dute, hala nola, erakunde publikoek, migratzaileen elkarteek eta gizarte arloko beste entitate batzuek.

2022ko txostenean nabarmendu zen migratzaileen populazioak oraindik ere eguneroko arrazakeria egoerak bizi dituela, eta horri erantzuteko asmoarekin sortu da kontseilua. Halaber, 2024an, Nafarroako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Arreta Zerbitzuak 248 kasu jaso ditu, batez ere zerbitzu publikoetarako sarbideari eta komunikabideetako diskriminazioari lotutakoak.

Arrazakeriaren aurkako borroka “hezkuntza, enplegua eta etxebizitza” bezalako arlo guztietan egin behar dela nabarmendu du Alfarok. Kontseiluak Nafarroa “inklusibo eta bidezko baten aldeko tresna eraginkorra” izatea espero du, diskurtso baztertzaileei aurre egiteko. Kontseiluak lau urteko iraunaldia izango du eta Nafarroako Gobernuak onartu behar dituen diskriminazioaren aurkako planak gainbegiratuko ditu.